Pelotari kalea noranzko bakarrekoa izango da, lauzpabost aste barru obrak bukatzean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 26a

Lanberri kale erdia igotzeko izango da, zubi pareraino; eta beste erdia jaisteko.

Astigarragako Udalak aditzera eman du zein izango diren behin betiko noranzkoak, inguru horretako kaleetan, obrak bukatutakoan.

 

Azken txanpan sartu dira Pelotari kaleko bidegorriaren obrak, eta Tomas Albako euri uren eta ur horniduraren sareak hobetzeko lanak. Lauzpabost aste barru bukatzea espero dute, eta behin horiek amaituta, azkeneko margoketak eta moldaketak egingo dituzte bertako kaleetan, trafikoaren behin betiko noranzkoak zehazteko.

Gauzak horrela, noranzko horiek zein izango diren eman du aditzera Astigarragako Udalak. Lehengoaren aldean, aldaketa nagusia da Pelotari kalea noranzko bakarrekoa izango dela, une honetan bezalaxe, Donostia ibilbidetik Kale Nagusi aldera.

Orain dauden bezala geratuko dira honakoak ere: Txokotxoko irteera, barrutik Pelotari kalerantz; eta Errekatxo plazako sarrera, Donostia ibilbidetik sartuta. Tomas Alba kalean ez da izango aldaketarik, eta lehen bezala geratuko da: Galtzaur kalerantz igotzeko izango da, noranzko bakarrean.

Beste aldaketa nagusia Lanberri kalean egingo dute: kale erdia jaisteko izango da, eta beste erdia igotzeko. Zehazki, zubian erdibituko dute kalea, trafikoari dagokionez. Horrela, Pelotari kaletik zubiraino sartu ahal izango da, eta bertan Errekatxo aldera (ezkerrera) edo Auspero aldera (eskuinera) hartu. Errekatxotik, Txokotxo kalera joan ahal izango da, eta bertatik hezeguneko errotondara edo Pelotari kalera bueltan.

Lanberri kalearen beste erdia, esan bezala, jaisteko izango da, Galtzaur kaletik etorrita; eta bertatik zubira iritsitakoan ere, ezkerrera edo eskuinera hartu ahal izango da.

Gainerakoan, Galtzaur kalea norabide bakarrekoa izango da, Anuskatik Portutxo aldera. Galtzaurretik Auspero kalera sartzeko, bigarren bidegurutzea (autobus geltokiaren parekoa) hartu beharko da, lehenengoa Ausperotik Galtzaurrera bueltatzeko izango baita.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!