Astigarragako DBH Orain plataformak DBH ikastetxearen obren atzerapena salatu du, eta Eusko Jaurlaritzari prozesua bizkortzeko eskatu dio. Plataformatik doitenez, 2021ean utzi zituen Udalak ikastetxea eraikitzeko lursailak, «aspaldiko behar bati erantzuteko asmoz». Izan ere, azpimarratu dute, gaur egun, herriko ikasleek beste udalerri batzuetara joan behar izaten dutela ikasketekin jarraitzera, lehen hezkuntza amaitu ondoren.
Herriaren ezaugarriek, egoera are deigarriagoa egiten dutela nabarmendu dute plataformatik; izan ere, ia 8.000 biztanle izateaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasa handienetako bat dauka, «etorkizuneko hezkuntza beharrak are nabarmenagoak eginez». Bestalde, Astigarragan, lehen hezkuntzako maila bakoitzean 75 bat ikasle daude, lau lerrotan banatuta, eta «DBHko ikastetxearen eraikuntzaren atzerapenak urtez urte galera zuzena eragiten die belaunaldi horiei».
Argazki masiboa bihar, eskolako patioan
Egoerari irtenbidea emateko eta obren hasiera bizkortzeko helburuarekin, Astigarragako DBH Orain plataformak hainbat ekimen abiarazi ditu. Lehenik eta behin, herritar guztiak gonbidatu ditu bihar, maiatzaren 22an, egingo duten argazki masiboan parte hartzera. 16:30etan izango da, eskolako patioan, eta kamiseta berde bat jantzita eramatea eskatu dute.
Gainera, hurrengo udal osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko du plataformak, Eusko Jaurlaritzari obraren esleipenerako lehiaketa publikoa lehenbailehen martxan jartzeko eskatuz. Eta horrez gain, herrian sentsibilizazio-kanpainari berrekingo diote kaleak kartel eta kamisetaz betez berriro ere.