Sorbeltzak proiektua, Aratzen, Alberdaniaren eta Udalaren eskutik

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 21a

Kultur Aniztasunaren Nazioarteko eguna dela aprobetxatuz aurkeztu dute kulturartekotasuna eta natura lotzen dituen proiektu hau.

 

Gaur Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, Sorbeltzak proiektua aurkeztu dute Urumea ikastolak, Alberdania argitaletxeak eta Hernaniko Udalak. Honi esker, kulturartekotasuna eta natura lotzen dituen ipuina zein ikasgeletan lantzeko materiala argitaratuko dira ikasturte berria hastearekin batera.

Proiektuaren jatorria Urumea ikastolan dago. Izan ere, bertan sortu dute 'Xor eta Beltz: mundu bat guztiontzat' ipuina, eta LH 2garren mailako ikasleekin, horri loturiko material didaktikoa ere landu da aurtengo ikasturtean zehar.

Ipuinak migrazioen gaia eta ingurumena lotzen ditu, sorbeltzek (hegazti mota bat) urtero egiten duten bidaia adibide gisa hartuta. Horien bidaiak eta biziraupenerako beharrak, giza migrazioen errealitatea eta kultur aniztasuna modu naturalean ulertzeko balio izan die ikasleei.

Urumea ikastolako irakasle diren Maialen Diaz de Cerio eta Ane Aierberekin batera, Iñaki Sanz Azkue biologoa aritu da edukia sortzen. Eta lana osatzeko, Alberdania argitaletxearen laguntza jasotzeaz gain, Parean elkartearen aholkularitzaz ere baliatzeko aukera izan dute.

Proiektu honek, gainera, ibilbidea egingo du Hernanitik kanpo ere. Izan ere, Alberdaniak argitaratuko du datorren irailean, eta horri esker, materiala Euskal Herri osora zabalduko da. Liburuaren edukia interneten ere eskuragarri egongo da, QR baten bidez, eta datorren ikasturtean, Hernaniko ikastetxe guztietako LH2ko ikasleek jasoko dute material didaktiko hau, euren ikasgeletan lantzeko aukera izan dezaten.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!