Ilarraren Azokak jarriko dio errematea gaur Astigarragan, baserritarren aste bereziari

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 17a

Ohi bezala, prozesioa egin zuten astigartarrek San Isidro egunez.

Goizeko 11:00etatik 14:00etara, Foru Plazan izango dira ilarrarekin lotutako hainbat jarduera eta postu, ganadu erakusketa eta herri kirolak.

 

Euriak emandako atseden une­ak bikain baliatuta, giro ederre­an ospatu zuten San Isidro eguna ostiralean, astigartarrek eta hernaniarrek, kirol, bertso, elizkizun eta jan-edan artean, eta Taula eta Perrapa baserriei omenaldi bana eginda.

Astigarragako kasuan, base­rriarekin lotutako jarduerak bost egunez luzatu dira aurten, Lurraldia jardunaldien baitan; eta gaur jarriko diote errematea aste bereziari, ohiko hitzordu seinalatuarekin: Ilarraren Azoka berezia jarriko dute Foru Plazan, ilarraren lanketan astigartarrentzat oso urte txarra izan den arren.

Goizeko 11:00etatik 14:00etara izango dira postuak eta jarduerak. Ilarraren inguruko bisita gidatuak, erakusketa eta salmenta izango dira, pintxo dastaketa ere egingo dute Fede Pacha sukaldariak gidatuta, eta haziei eta landareei buruzko tailerra eskainiko du Hazierako Marc Badalek. Tomate landareak ere banatuko dizkiete bertaratuei.

Horrekin batera, baserriko produktuen postuak ere jarriko dituzte, eta ganadu erakusketa izango da herriko baserrien eskutik. Festa borobiltzeko, herri kirol erakustaldiak eskainiko dituzte Foru Plazan bertan. Batetik, aizkoran desafioa jokatuko dute Ander Altunak eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal'ek. Eta bestetik, gazteen arteko kirol probak izango dira, astigartarrek osatutako taldeekin.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!