Bi hilabete pasatxo barru, uztailaren 22an, hasiko dira Santio Jaiak Astigarragan. Horretarako prestaketa lanetan ari da Udaleko Kultura Saila, eta baita jaien hasiera egituratzen ere. Horri begira, ordea, erabaki dute aurten herritarrei hitza ematea aurrena. Izan ere, txupinazoa zeinek botako duen erabakitzeko, astigartarren proposamenak bilduko dituzte.
Horretarako, formulario bat sortu dute, honako helbidean: labur.eus/santiotakotxupinazoa. Bertan, proposatu behar dira 2026ko jaiei hasiera emateko pertsona edo taldeak, eta adierazi zergatik proposatzen diren. Maiatzaren 31ra arte izango da formularioa bete eta proposamenak egiteko aukera.
Behin proposamen guztiak bilduta, Santiotako Jai Batzordera eramango dituzte ekainaren hasieran, eta bertan erabakiko dute zeinek botako duen aurtengo txupinazoa.
Azkeneko urteotan, herriko hainbat elkartek, herritarrek edota herritar-taldeek irakurri dute pregoia eta bota dute txupinazoa, «herrian egiten duten ekarpenagatik».
Kartel lehiaketa martxan, ekainaren 1era arte
Era berean, martxan da Santio Jaietako kartela aukeratzeko lehiaketa ere. Ekainaren 1eko 09:00ak arte aurkeztu daitezke lanak, posta elektronikoz bidalita, astigarraga.kultura.eus helbidera. Gaian '2026_Santio Jaietako kartela' jarri behar da. JPG formatuan bidali behar da kartela, formatu bertikalean.
14 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, eta 700 euroko saria jasoko du irabazleak.