Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko, erakundeen arteko protokoloa sinatu dute

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 9a

Erakundeen ordezkariak, protokoloa sinatu berritan.

Astigarragako Udalak, Ertzaintzak, Osakidetzak eta Emakumeon Etxeak sinatu dute, biktimei koordinatutako arreta bermatzeko.

 

Astigarragak indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko erakunde arteko protokoloa sinatu zuen pasa den ostegunean. Zehazki, Astigarragako Udalak (Xabier Urdangarin alkatea eta Ainara Vazquez berdintasun zinegotzia), Ertzaintzak (Iñigo Rodriguez Hernaniko komisarioa), Osakidetzak eta Astigarragako Emakumeon Etxeak (Itziar Guijama eta Belen Olaziregi) sinatu zuten hitzarmena, «indarkeria matxistaren biktimei koordinatutako arreta eta erreparazio integrala bermatzeko».

Dokumentuak osatu egiten du Udalak 2019an onartutako protokoloa; horrela, lehen aldiz, indarkeria matxistaren aurreko erantzunak «udal-esparrua gainditzen du», eta parte hartzen duten erakundeak «marko operatibo bakar batean biltzen ditu». Bestalde, azken urteetan izandako «aurrerapen legegile nabarmenak» jasotzen ditu, eta indarkeria matxistaren «ikuspegi integrala txertatzen du», besteak beste, indarkeria bikarioa, ziber-indarkeria, indarkeria instituzionala eta sexu-indarkeria mota guztiak aintzat hartuta.

Protokoloa Astigarragako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planaren (2024-2030) barruan kokatzen da. Planaren 'herri bat indarkeria matxistarik gabe' ardatzak, hiru helburu estrategiko ditu, baita emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko hamahiru ekintza ere.

2025eko irailetik 2026ko hasierara arte eragileek egindako lau lan-saioen ondoren, «konpromiso zehatzak» hartu dituzte: Protokoloaren benetako aplikazioa, erakunde arteko koordinazio-mahaian aktiboki parte hartzea, indarkeria matxistaren arloko langileentzako etengabeko prestakuntza bultzatzea, protokoloa barnean hedatzea eta behar berriak detektatzen diren heinean esku-hartzea izatea.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!