«Inbertsio esanguratsuak» gauzatu eta zenbait partida doitu eta osatuko ditu Astigarragako Udalak, aurtengo udal aurrekontuari 4 milioi euro pasatxo gehituta. Joan den asteko Plenoan onartu zuten 2025eko aurrekontuaren likidazioa, eta zehazki 4.242.679,72 eurokoa izan da gerakina. Hori aurtengoari gehituta, «inbertsio eta azpiegitura garrantzitsuak bideratu eta beste hainbat partida doitu eta osatu» egingo ditu Udalak.
Horien artean, inbertsio potoloena Kultur Etxe Zaharrari dagokio: 785.000 euroko partida jaso dute igogailua eraiki eta urbanizazio lanak egiteko, eta beste 450.000 eurokoa eraikina gazteen gune bilakatzeko obretarako. Bestalde, 587.960 euroko partida gorde dute Pelotari kaleko bidegorria Txingurri jatetxearen inguruarekin eta Bidebitarte poligonoarekin lotzeko; eta 550.000 eurokoa +55 adineko pertsonen guneko obrak gauzatzeko.
Beste zenbait inbertsio ere nabarmendu dituzte: herritarrentzako harrera integralerako zerbitzua egokitzea (210.000 euro), asfaltatze lanak (150.000 euro), Herri Eskolako jolastokia egokitzea (100.000 euro), herriko hainbat haur-parke konpontzea (45.000 euro), babesgune klimatikoak sortzeko zuhaitzak landatzea (30.000 euro), eta KRAX egitasmoaren baitan kontzertuak antolatzea (30.000 euro).
Plan Orokorrarekin lotuta, hiru hitzarmeni onarpena
Bestalde, hirigintzaren arloan eta Udala berrikusten ari den Plan Orokorrarekin lotuta, hasierako onarpena eman zien Plenoak hiru unitatetako jabeekin landutako hitzarmenei: Santio Zeharrako mojen konbentua, Ergobia auzoa eta Arrobitxuloko Arangoia Ardoak.
Hitzarmen horiekin, adostu da hiru partzela hiritartzea alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko. Guztira 185 etxebizitza inguru izango dira, eta horietatik gutxi gorabehera 59 etxebizitza lirateke alokairu sozialekoak. Beste 19 etxebizitza tasatuak, eta 107 etxebizitza libreak, betiere gutxi gorabeherako kopuruetan.
Tokiko Gobernu Batzordearen bilera ere izan zen aurreko astean, eta besteak beste, onartu zuten Nabarra Oñatz kaleko 3-5 zenbakietan Ongizateko lokala egokitzeko kontratazio espedientea. Bertan egongo dira Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna eta Toki Garapeneko udal sailen bulegoak, eta familien arreta psikosozialaren zerbitzua. 564.070,60 eurokoa izango da lizitazio prezioa, eta sei hilabetekoa obra gauzatzeko epea.
Era berean, hiru kontratu esleitu zituzten Tokiko Gobernu Batzordean bertan. Batetik, Sasoi Sport S.L. enpresak hartuko du Santiomendiko natur-eskolaren eta aterpearen kudeaketa, 61.825,44 euroko prezioan (BEZik gabe). Bestetik, Tecman Servicios de Valor Añadido S.L. enpresak egingo ditu Herri Eskolako gas-galdara energetikoki jasangarria den bero-ekoizpen batekin ordezkatzeko lanak, 266.179,14 euroko prezioan (BEZik gabe). Eta azkenik, Integra MGSI CEE S.L. enpresari esleitu diote Herri Eskolako mantentze-lanen eta atezaintzaren zerbitzua, 33.452,05 euroan (BEZik gabe).