Itsaspeko hiru zinema saio eta erakusketa Erriberan, Cimasubekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 2a

Asteazkenean egin zuten aurkezpena, Cimasubeko eta Udaleko ordezkariek.

Dagoeneko ikusgai dago argazki erakusketa, eta maiatzaren 6an, 13an eta 20an eskainiko dituzte dokumentalak eta film laburrak.

 

Iazko estreinaldiaren arrakas­taren ondoren, bigarrenez izango da Astigarragan Cimasub itsaspeko zinema zikloa. Dagoeneko ikusgai dago argazki erakusketa Erriberan, maiatzaren 20ra bitarte; eta hiru saio antolatu dituzte datozen asteotarako, dokumentalak eta film laburrak eskaintzeko: maiatzaren 6an, 13an eta 20an. Arratsaldeko 19:00etan hasita, doakoak izango dira denak, eta saio bakoitzean dokumental bat eta sei film labur jarriko dituzte.

'Egia zure begien aurrean' izango da aurtengo leloa, eta aspaldiko ziklo informatiboena prestatu dute aurten, erreportaje motako dokumental askorekin, «kontzientzia hunkitu eta pizteko asmoz, gure ozeanoak babesteko benetako konpromisoa sortu nahian». David Sanchezek, Cimasubeko zuzendariak, nabarmendu du «txipa aldatuta» aterako direla herritarrak emanaldietatik: «Ezezagunak diren gauza asko azaleratuko ditugu, eta jendea 'deskolokatuta' aterako da».

Maiatzaren 6an, 'brontzezko zinema saioan', Kantauri itsasoa izango da protagonista: «Europako biodibertsitate haundieneko itsasoa da, eta ezagutzen ez ditugun gauza asko daude», azaldu du Sanchezek. Naroa Del Orden zinegotziak aurreratu du, saio horretan landuko direla, besteak beste, «itsasoak sendatzeko eta eraldatzeko duen gaitasuna, eta bizidun barietate amaigabea zaintzeko premia».

'Zilarrezko saioa' izango da bigarrena, hilaren 13koa. Saio horretan, besteak beste, gaurkotasuneko gai garrantzitsu bat landuko dute: alga inbaditzaile baten mehatxua, «Mediterraneoan arazo haundiak sortzen ari dena, eta dagoeneko Kantauri itsasoan daukaguna».

Eta 'urrezko saioan', azkenik, marrazoak izango dira protagonista maiatzaren 20an: «Ikusiko dugu ikerketa lan haundi bat, erakutsiko diguna jakin gabe marrazo haragia jaten dugula. Urtean milioika marrazo hiltzen ditugula azaleratuko digu dokumentalak, eta era berean, aldatu nahi du marrazoaren irudia, berez ez baitu gizakia erasotzen. Urtean jende askok buzeatzen du marrazoekin».

Gai horiek eta gehiago ezagutaraziko dituzte hiru saioetan, eta bertaratzera animatu dituzte herritarrak. Informazio guztia cimasub.com webgunean dago eskuragarri.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!