Lehiaketa publikoa eta irekia antolatu du Astigarragako Udalak, beste urte batez, Santio Jaietako kartela aukeratzeko. Dagoeneko zabaldu dute proposamenak aurkezteko epea, eta ekainaren 1eko 09:00ak arte izango da horretarako aukera: astigarraga.kultura@gmail.com helbidera bidali behar da, mezuaren gai gisa '2026_Santio Jaietako kartela' jarrita.
Lanak ordenagailuz egin beharko dira nahitaez, eta honakoek azaldu beharko dute bertan: 'Astigarraga', 'Santio Jaiak 2026' eta 'Uztailak 22-26'. 300 ppp-ko bereizmena izan beharko du irudiak, eta gehienez 8 Mb-ko pisua. Artxiboari izena jarri behar zaio kartela identifikatzeko, baina egilearen daturik gabe. Horiek aparte bidaliko dira, parte hartzeko formulario batekin, eta nortasun agiriarekin, bi aldeetatik eskaneatuta.
Partehartzaile bakoitzak bi lan aurkezteko aukera
14 urtetik gorako edozein pertsonak hartu dezake parte, banaka edo taldean, Astigarragako Udaleko langileek izan ezik. Adin txikikoek, hori bai, gurasoen edo tutoreen baimena izan beharko dute. Partehartzaile bakoitzak bi lan aurkezteko aukera izango du.
Irabazleak 700 euroko saria jasoko du. Aurtengo kartela aukeratzeko, honakoek osatuko dute epaimahaia: Udaleko bi zinegotzik, eta erabakitzeko egunean jai batzordera gerturatzen den elkarte bakoitzeko kide batek. Ekaineko lehenengo astean izango da hori. Aurkeztutako lanak oso kalitate exkaxekoak izanez gero, epaimahaiak aukera izango du lehiaketako saria eman gabe uzteko.