Pelotari kaleko obrak aprobetxatuz, hobekuntza bat egingo du Astigarragako Udalak herriko hornidura-sare nagusian. Horrenbestez, gaur gauean ur-horniduraren etena izango da herrigunean zein industriaguneetan (Bidebitarte, Txalaka, Troia eta Oialume). Gaur gaueko 22:30etatik apirilaren 29ko 04:00etara moztuko dute hornidura. Udalak gauez egitea erabaki du, «hornidura eteteak eragingo dituen ondorioak murrizteko».
Burutuko duten hobekuntza, zehazki, Pelotari eta Tomas Alba kaleen arteko bidegurutzean dagoen banaketa-korapilo nagusiko balbula zahar bat ordezkatzean datza. Balbula horren kokapena dela eta, Arkubideko biltegitik hornitzen den sare osoko ura moztu behar da, Oialumetik Errekaldera eta Alorreneara doan eremua, hain zuzen.
Lan horiek burutzeko, hodiak moztuko dituzte, ura hustuko dute, eta briden torlojuak estutuko dituzte, besteak beste. Horretarako, «ekipo elektro-mekanikoen laguntza beharko dute, eta horiek, aldi berean, grupo elektrogenoaren laguntza behar dute».
Lanek, inguruko bizilagunei hainbat eragozpen sor diezaizkiekeela iragarri du Astigarragako Udalak, zaratak adibidez. Horreagtik herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete izango duten pazientziagatik.