Jarraipena emango die Astigarragako Udalak, Astiko elkartearekin lankidetzan, herriko establezimenduei laguntza emateko bi egitasmori, ostegunean aditzera eman zutenez. Batetik, hirugarrenez eskainiko dute Bidelaguntza zerbitzua, negozioen ikusgarritasun digitala hobetzeko, TaPunturen eskutik. Negozio bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzu pertsonalizatua da, eta orain arte 20 establezimenduk hartu dute parte, oso balorazio onekin. Beraien esperientzia onaren berri eman zuten Astigarraga Tattoko Eva Vicedok eta Triton Moto arropa dendako Asier Fernandez de la Granjak.
Horri jarraipena emango diote aurten, eta maiatzaren 11n hasiko da berriro Bidelaguntza zerbitzua, eta Astigarragako negozio guztiak animatu dituzte parte hartzera.
Guztion dirulaguntzak eskatzeko epea, zabalik
Bestalde, martxan da Guztion dirulaguntzen deialdia ere, merkataritza ekintzailetza sustatu eta jarduerak sendotzeko. Urriaren 31ra arte egin daitezke eskaerak, eta hiru lerro izango dituzte dirulaguntzek. Ekintzailetza sustatzera bideratutakoak dira aurreneko biak: lehenengoa, Astigarragan enpresa ekimenak abiarazteko hasierako gastuei aurre egiteko, 1.500 eurora bitarteko dirulaguntza eskuratzeko aukerarekin; eta bigarrena, herriko merkatal gune nagusia izandakoan hutsik dauden lokaletan jarduera ekonomiko berri bat jartzeko, 4.000 eurora arteko dirulaguntzekin.
Hirugarren lerroa izango da negozioaren ikusgarritasun digitala hobetzeko ekintzak laguntzeko, gehienez 1.350 eurorekin.