Dozenaka postuk jantziko dute bihar Astigarragako Emakumeon Plaza eta Zipotza tabernaren ingurua. Izan ere, Gazte Sortzaileen Azoka antolatu du Gazte Asanbladak, seigarrenez, sortzaileei aukera eta espazio bat emateko. 40 postu inguru izango dira bertan, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 18:00etara: pitxiak, zeramika, arropa, kakorratzez egindako lanak...
Azoka bukatu bezain pronto, gainera, kontzertu akustikoa eskainiko dute Anuk eta Elene abeslari usurbildarrek, Emakumeon Plaza girotzeko. Eta bukatzeko, azokako produktuekin betetako xextoak zozketatuko dituzte.
Euskal Herria-Venezuela topaketa eta KRAX egitasmoko kontzertuak, gaur
Azokaren aurretik, zita bikoitza izango da gaur, Astigarragan bertan. Batetik, Euskal Herria-Venezuela Elkartasun Topaketak Txomiñenen egingo du bere bigarren edizioa. Eguerdiko 13:00etan jarri dute hitzordua, elkartasun ekitaldia egiteko, Albanys Montillaren partehartzearekin; eta bazkari herrikoia egingo dute ondoren, 14:30etan hasita.
Bazkarirako txartelak salgai daude elkartasunkeinua.com webgunean, Astigarragako Zipotzan, Hernaniko Garinen, Donostiako Herrian eta Ilargin, Pasai San Pedroko Antxetan, Azpeitiko Orkatzen, eta Bilboko Errondabiden. Bazkalostean, arratsaldeko 17:30etan, Donostiara abiatuko dira, Gernika-Palestina elkarteak antolatutako manifestazioarekin bat egiteko.
Eta bestetik, KRAX egitasmoaren aurreneko jaialdia izango da Erriberan, arratsaldeko 19:00etan hasita: Olaia Inziarte abeslari oronoztarra eta Burutik taldea ariko dira bertan. Sarrerak agortuta daude aspaldi.