Olaia Inziarte eta Burutik taldea Erriberako oholtzan larunbatean, KRAX egitasmoari ekiteko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 21a

Olaia Inziarte artista oronoztarra Erriberan izango da.

Astigarragako hainbat gaztek jarri dute martxan egitasmoa, Udalarekin elkarlanean, «herriko musika eskaintza indartzeko helburuarekin».

Musika jaialdi berezia izango da larunbat honetan, Erribera kulturgunean: kontzertu bana eskainiko dute Olaia Inziarte artistak eta Burutik taldeak, arratsaldeko 19:00etan hasita. Punta-puntako saioaz gozatu ahal izango dute astigartarrek, eta askoren aurrenekoa izango da, gainera.

Izan ere, KRAX egitasmoaren estreinako jaialdia da larunbatekoa. Astigarragako hainbat gaztek jarri dute proiektua martxan, Udalarekin elkarlanean, «urte osoan zehar herriko musika eskaintza indartzeko helburuarekin».

'Zerrautsa' diskoaren biraren baitan eskainiko du emanaldia Olaia Inziartek. Oronozko musikari eta abeslariaren bigarren lana da 'Zerrautsa', «emozioen eta egiazkotasunaren ospakizuna, musika eta hitzen bidez partekatzeko gonbidapen bat». Artistaren «barne-mundu biszerala» arakatzen du diskoak, eta horretarako, errautsa bezalako elementuak hartu ditu sinbolo gisa: «sortze-prozesuaren hondar gisa ikusia izan arren, ezinbestekoa da forma emateko». Horrela, «barrua bilatzeko egindako bidaia» da diskoa, emozio gordinaren eta zaurgarritasunaren bidez; «eta kontzertua ere musikaz gozatzeko bidaia ederra izango da», nabarmendu dute antolatzaileek.

Burutik taldeak, bere aldetik, 'Ipuinak' diskoa aurkeztuko du Erriberan, talde nafarraren hirugarren lan luzea. «Orain arte argitaratu duen lan politikoena» da, eta bertan, «kritika sakona» egiten die «sistema kapitalistari eta, bereziki, honek biztanleria kontrolpean izateko dituen azpijoko eta amarruei». 2020an sortu zen Burutik, eta astigartarrek «aukera paregabea» izango dute larunbatean, «taldearen bereizgarri diren akordeoia, armonia konplexuak eta hiru zein lau ahotsen arteko jokoak entzuteko», antolatzaileek diotenez.

 

Jaialdirako sarrera guztiak, dagoeneko agortuta

Ezin hobeto hasi du bere ibilbidea KRAX egitasmoak, dagoeneko agortu baitira estreinako jaialdi honetarako sarrera guztiak. Hortaz, lepo beteko da aretoa, giro ederrarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!