Astigarragako udal gobernuak Pelotari kaleko bidegorriari buruz EAJk eman dituen informazio «okerrak» argitu ditu. Adierazi duenez, «gisa horretako bidegorriek betetzen dituzten segurtasun eta egokitasun baldintzak betetzen ditu, eta obrak egiten diren bitartean egoki ikusten diren hobekuntzak burutuko dira».
Izan ere, udal gobernutik argitu duten lehen puntua da obrak amaitu gabe daudela, lehen fasea 4-6 aste barru amaituko dela, eta jarraian bigarren faseari ekingo diotela, maiatzean. Horrenbestez, seinalizazioa behin-behinekoa da kasu batzuetan, proiektatuta dagoena osatuagoa da, eta obra amaitzean ezarriko da.
Bigarrenik, nabarmendu dute proiektua aholkularitza etxe aditu batek idatzi zuela, eta hiritartze lanean zein segurtasunean eskumena duten udal teknikarien ekarpenak jaso zirela. Gainera, proiektua udaltalde guztiek «aho betez onartu genuen 2025eko uztailean (EAJk ere bai)», eta orduztik daukate guztiek espedientearen informazio osoa.
Hirugarrenik, iragarri dute aparkalekuan ibilgailuek topea egiteko hormigoizko zirrindak aldatu egingo dituzte, «oker» jarri baitzituzten, eta ibilgailu batzuk «oso atzera iristen dira», bidegorria oztopatuz.
Bestalde, proiektuaren idazketan eta kudeaketan Obra eta Zerbitzuetako teknikari eta arduradunek zein Udaltzaingoko arduradunak parte hartu dute, hasieratik, ekarpenak eginez. «Hala ere, EAJri erantzunez, bi sail horiei dagozkien txostenak egiteko eskatu zaie, eta gaia hurrengo Lurraldeko Batzordeetan aztertuko da».
Halaber, EAJ alderdiak bidegorrian istripu bat gertatu zela adierazi zuen. Horren harira, udal taldeak udaltzainburuarekin kontrastatu du informazio hori, eta adierazu du ez duela bidegorri zati horretan istripurik izan denaren berririk jaso. Beraz, «udaltaldeek arduraz jokatu behar dugu eta EAJk horrelako informazio bat lehenbailehen udaltzaingoaren esku jarri beharko luke».
Bestalde, udal gobernuak argi utzi du EAJren jokatzeko era ez dela egokia izan: «Gaiak behar den lekuan landu eta informazioa behar den bezala eskatu ordez, komunikabideetan albistea argitaratu du eta mozioa aurkeztu du. Hori ez da lan egiteko era eta lankidetza. Bide okerra da eta asmo batzuk uzten ditu agerian. Udal gobernua ez da joko horretan sartuko eta gai bakoitza dagokion moduan landuko du».