Euskal Herria-Venezuela Elkartasun Topaketa, bihar zortzi Astigarragan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 17a

Atzo egin zuten topaketaren aurkezpena, Astigarragako udaletxean.

Apirilaren 25ean izango du bigarren edizioa topaketak, Venezuelako herriaren eskubideak errespetatu daitezen eskatzeko.

Euskal Herria-Venezuela Elkar­tasun Topaketa egingo dute bi­har zortzi, apirilaren 25ean; eta Astigarragan izango da topaketaren bigarren edizio hau, Elkartasun Keinua Venezuelari elkarteak antolatuta.

Txomiñene frontoian izango da, eta eguerdiko 13:00etarako jarri dute hitzordua. Aurrena, elkartasun ekitaldia egingo dute, Albanys Montillaren partehartzearekin, bertan izango baita Venezuelako Comunasen ministrordea. Ondoren, bazkari herrikoia izango da frontoian bertan, 14:30etan hasita. Txartelak salgai daude elkartasunkeinua.com webgunean, eta honakoetan: Astigarragako Zipotzan, Hernaniko Garinen, Donostiako Herrian eta Ilargin, Pasai San Pedroko Antxetan, Azpeitiko Orkatzen, eta Bilboko Errondabiden. Bazkalostean, arratsaldeko 17:30etan, Donostiara abiatuko dira, Gernika-Palestina elkarteak antolatutako manifestazioarekin bat egiteko.

«Agerian geratu da gainbeheran dagoen sistema kapitalistak gerra hautatu duela modu bakarra»

Elkartasun Topaketara bertaratzeko deia luzatu zieten herritarrei atzo, Astigarragako udaletxean egin zuten aurkezpenean: «Elkartasunerako deia egiten dugu, Euskal Herriaren eta Venezuelaren arteko kidetasunezko lotura historikoak aldarrikatuz. Eskatzen dugu, argi eta ozen, Venezuelaren aurkako erasoak eta mehatxuak gelditzea, eta Venezuelako herriaren eskubideak errespetatzea».

Izan ere, nabarmendu dute urtarrilaren 3an Donald Trumpen gobernuak Venezuelan egindako erasoak «agerian» utzi duela «gainbeheran dagoen sistema kapitalistak gerra hautatu duela bere ekonomia eta hegemonia erortzea saihesteko modu bakarra. Indarrean oinarritutako mundu ordena berri bat ezartzeko estrategia berretsi zuen Trumpek. Araurik gabeko mundu baten inposaketa, eta nazioarteko zuzenbidearen desagerpena; eta diplomaziaren eta elkarrizketarako espazioen ordez, mehatxu, inbasio eta gerrak».

«Oso aurrekari larria» ezarri zuen Venezuelan gertatutakoak: «Kubaren aurkako blokeo kriminala eta eskuhartze militarraren presioak; Mexiko, Kolonbia eta Brasilen aurkako mehatxuak; eta noski, Palestinaren aurkako genozidioa, gainbeheran doan kapitalismoa sendotzeko helburu bakarra duen borrokaren adierazle argiak dira», salatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!