Astigarragako beheko eremuan «uholdeen aurkako azpiegitura hobetzeko lanak» egingo dituzte datozen asteetan, Tomas Alba kalean. Zehazki, «zanga ireki eta azpiegitura hidraulikoa hobetzeko lanak» izango dira gauzatuko dituztenak. Diametro haundiko bi hodi jarriko dira «euri-urak hobeto husteko eta drainatze-lanak hobeto egiteko».
Horiez gain, tamaina haundiko kutxeta bat eraikiko da, ur-fluxua jaso eta erregulatzeko, baita lehendik dagoen sarearekin konektatzeko ere.
Obrek irauten duten bitartean (lau aste inguru), Tomas Albako sarrera itxita egongo da ibilgailuentzat. Bertako bizilagunak Galtzaur kaletik sartu eta irten beharko dira. Bidegorriaren Pelotari kaleko zatiaren obrak ere epe beretsuan amaituko dira, lau aste barru. Pelotari kalea, halere, ez da itxita egongo.
Astigarragako Udaletik, herritarrei eskatu diete seinaleak eta ezarritako jarraibideak betetzea. Gainera, «obra hauek eragiten ari diren kalte eta eragozpenen jakitun», herritarrei eskerrak eman dizkie, «izaten ari diren pazientziagatik eta jarrera egokiagatik».