Argazki-bildumen lehiaketa, 2027ko udal egutegirako

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 9a

Iaz ez bezala, aurten bilduma osoak sarituko dira. Onenaren argazkiak egutegian argitaratuko dira, eta 2.000 euro jasoko ditu egileak.

 

Astigarragako Udalak argazki bildumen lehiaketa antolatu du 2027ko egutegia osatzeko. Parte hartzaile bakoitzak 13 argazkiko bilduma aurkeztu beharko du, azaleko argazkia eta beste hamabi, alegia. Gaia argazkilari bakoitzaren baitan egongo da, baina argazki guztiek lotura izan behar dute aukeratutako gai horrekin, eta Astigarragan ateratakoak izan behar dira. Lehiaketan 14 urtetik gorako pertsonek parte hartu dezakete.

Lehiaketaren faseak

Argazkiak aurkezteko epea urrian zabalduko da, nahiz eta herritarrak nahi dutenean has daitezkeen argazkiak ateratzen; epaimahaiaren erabakia eta sari-banaketa azaroko bigarren hamabostaldian egingo dira.

Ondoren, argazkiak jasoko dituen udal egutegia abenduaren 15etik aurrera banatuko da Astigarragako udaletxean, Erribera kulturgunean eta Astigarragako Astiko merkatarien elkarteko establezimenduetan.

Sarietan, aldaketak

Pasa den urtearekiko aldaketak egongo dira aurtengoan sarituei dagokienez. Iaz, argazkilari ezberdinek ateratako argazki onenekin osatu zuten bilduma. Argazki onena azalean txertatuta zihoana zen, eta bilduma osatzen zuten gainontzeko hamabi iruidiak finalistak izandakoak ziren; horrela osatzen zen hamairu argazkiko bilduma egutegirako. 

Bestalde, azaleko argazkiaren egileak 150 euroko saria jaso zuen, eta gainontzeko hamabien egileek 80 euro argazki finalista bakoitzagatik, gehienez 300 euroko saria pilatu arte.

Aurtengoan, bilduma osoak izango dira sarituak, hau da, argazkilari bakar baten bilduma onena izango da saritua, eta haren argazkiak 2027ko egutegian argitaratuko dira. Bilduma onenaren egileak 2.000 euro irabaziko ditu, bigarren bilduma onenak 300 euro jasoko ditu, eta hirugarrenak 150.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!