Aurrera egin dute Astigarragako kiroldegia haunditzeko eta Zarkumendegiko ingurua urbanizatzeko obren espedienteek

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 5a

Plenoak oniritzia eman zien biei, asteartean. Bestalde, autobusen gaiarekin lotuta, EH Bilduren eta MUGItu plataformaren mozioak onartu ziren.

Gai potoloak landu zituzten joan den asteartean, Astigarragako Udalaren martxoko Plenoan. Horien artean zeuden, esaterako, bi obra garrantzitsu, eta bien espedienteek egin dute aurrera, Plenoak oniritzia emanda.

Batetik, onartu zuten kiroldegia eraberritzeko eta haunditzeko lanen obra-kontratua esleitzea Construcciones Urdinberri SL enpresari, 8.224.568,32 euroan (BEZa barne); eta era berean, obren zuzendaritza fakultatiboa ematea XLARK enpresari, 160.975,29 euroan (BEZik gabe). Behin esleipenak eginda, bi enpresekin kontratuak sinatzeari ekingo dio Udalak, eta obrak uda aurretik hasiko dira.

Eta bestetik, Plenoak ontzat eman zuen Zarkumendegiko ingurua urbanizatzeko lanen bigarren fasearen aldaketari. Horren arabera, besteak beste, futbol zelaiaren ondoko aparkalekuaren berrantolaketa integrala egingo da, 100 aparkaleku sortuz, autobus geltokiarekin eta espaloiarekin. Berdegunea ere egokituko da espaloiaren eta futbol zelaiaren artean. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 747.804,39 eurokoa da, eta Construcciones Moyuak hartuko du bere gain.

Bestalde, kale izendegian zenbait aldaketa egitea ere onartu zuen Plenoak, INEk Udalari jakinarazi baitio izen generikoen eremuak ezin direla bost karaktere baino gehiagokoak izan. Horregatik, «eta kale izendegia homogeneizatze aldera», 'enparantza' edo 'plazatxoa' izen generikoa zuten lau guneri 'plaza' izena eman diete: Foru plaza, Errekatxo plaza, Norberto Almandoz plaza eta Ergobia plaza.

Autobus zerbitzuaren harira, bi mozio onartuta

Lau mozio izan ziren aztergai Plenoan, eta bik egin zuten aurrera. Hasteko, proposatu zuten, Norberto Almandoz plazan azokarako estalki bizia eraikitzeko obrak hasi aurretik, lorategi eremuko zuhaitzak, heskaiak eta zuhaixkak birlandatzeko eta kokatzeko, baina ez zen onartu.

Beste hiru mozioak autobus zerbitzuari buruzkoak izan ziren. Udal talde sozialistarenak ez zuen aurrera egin; bai, ordea, beste biek: EH Bildurenak, bere aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin; eta MUGItu Astigarraga plataformarenak, EH Bilduren eta EAJren aldeko bo­toekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin. Hirurak daude irakurgai, jarraian:

Udal talde sozialistaren mozioa autobus zerbitzuaren inguruan

EH Bilduren mozioa autobus zerbitzuaren inguruan

MUGItu Astigarraga plataformaren mozioa autobus zerbitzuaren inguruan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!