Apirilaren 13an jarriko da martxan BU14 linea berria, ordu aldaketekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 2a

Astigarragatik ospitalerako eta unibertsitaterako linearen zenbait ordutegi aurreratu dituzte, «ospitaleko langileak txanda aldaketara iristeko».

 

Aste Santuko oporralditik bueltan, apirilaren 13an jarriko da martxan BU14 autobus linea berria, Astigarragatik ospitalera eta unibertsitatera bitartekoa.

Hala jakinarazi du Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak, eta aditzera eman du zenbait aldaketa egin dituztela ordutegietan, «ospitaleko langileak txanda aldaketara irits daitezen». Zehazki, aurreratu egin dituzte Astigarragatik 07:30etan, 14:30etan eta 21:30etan abiatzekoak ziren autobusak, eta 07:15etan, 14:15etan eta 21:25etan aterako dira. Izan ere, zenbait herritarren kezkak eta zalantzak jaso zituen Aldundiak horren inguruan: «Linea berri honek erabiltzaileen beharrei modu erreal eta eraginkorrean erantzutea nahi dugu, batez ere egunero beren lanpostuetara, osasun zentroetara edo unibertsitatera joateko garraio publikoaren mende dauden pertsonen beharrei».

 

Astelehenetik ostiralera 
eskainiko du zerbitzua

Linea berriak astegunetan eskainiko du zerbitzua, astelehenetik ostiralera; eta orduroko maiztasuna izango du: Astigarragatik abiatuta, 07:15etatik 21:25etara; eta Donostiatik abiatuta, 08:00etatik 22:00etara. Joanekoan, Donostia Ibilbidetik abiatuko da, eta honakoa da egingo duen ibilbidea, Donostiarantz: Donostia Ibilbidea (Pelotariko errotonda), Begiristain Doktorea 218 (Onkologikoa), Miramon Pasealekua (Poliklinika I), Tolosa Hiribidea (Amerika Plaza), Tolosa Hiribidea (Lorea) eta Tolosa Hiribidea 77 (unibertsitateak).

Bueltan, berriz, honako ibilbidea osatuko du: Tolosa Hiribidea 70 (unibertsitateak), Tolosa Hiribidea 112, Tolosa Hiribidea 138, Miramon Pasealekua (Poliklinika II), Begiristain Doktorea (Ospitaleko aparkalekua), Donostia Ibilbidea 38 (hezegunea) eta Donostia Ibilbidea (poligonoa). Aurreikusi dute 25 minutu beharko dituela ibilbide bakoitza osatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!