Otordua eta dastaketa Aste Santuan zehar, Sagardoetxean

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 1a

Sagardo eta gazta dastaketa zein sagardotegian otordua eskainiko dira.

Aste Santuan Sagardoetxeak eskaintza gastronomikoa ere egingo die bisitariei. Ohikoa den museoaren bisitaz gain, sagardoa eta Euskal Herriko gazten dastaketaz gozatzeko aukera izango dute bisitariek, apirilaren 2tik 12ra. Gazta horiek dira Idiazabal J.D. gazta, Roncal J.D. gazta eta Iraty J.D. gazta. Dastaketa sagardotegiko otorduarekin osatu ahal izango da, «txotxaren errituaz gozatzeko eta sagardoaren kulturako esperientzia borobiltzeko».

Prezioak bi multzotan banatzen dira, lehenengoa da Sagardoetxeako bisita gidatua dastaketarekin. Horren tarifa helduentzat 9,5 eurokoa da, 7-17 urte bitarteko haurrentzat 7,5 eurokoa (muztioarekin euro bat gehiago), eta 0-6 urte bitarteko haurrentzat doakoa da bisita gidatua dastaketarik gabe (gazta 4,5 euro, muztioa euro 1).

Bigarrengo multzoa da Sagardoetxeako bisita gidatua dastaketarekin eta sagardotegiko otordua. Helduentzat 54,5 eurokoa da tarifa (sagardotegiko ohiko menuarekin), 7-17 urte bitarteko haurrentzat 34,5 eurokoa (menu bereziarekin, muztioarekin euro bat gehiago), eta 0-6 urte bitarteko haurrentzat 27 eurokoa (menu bereziarekin eta dastaketa gabe).

Bisiten ordutegiei dagokienez, apirilaren 2tik 5era eta 7tik 11ra 11:00, 12:00, 13:00, 16:00, 17:00, 18:00 eta 19:00etan izango dira txandak. Hilaren 6an eta 12an, aldiz, 11:00, 12:00 eta 13:00etan izango dira bisitak. Erreserbak egiteko edota informazio gehiago eskuratzeko 943 55 05 75 telefonora deitu, info@sagardoetxea.eus helbidera elektronikora mezua bidali, edo www.sagardoetxea.eus webgunea arakatu daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!