Maitelan kooperatibaren zaintzaile profesionalen sarea, Astigarragan

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko martxoaren 29a

Udaleko eta Maitelaneko ordezkariak, ekimenaren aurkezpenean.

Zaintzaile eta emakume migratuekin harremanetan jartzeko lanetan ari dira orain Udalean.

Maitelanek, 2025eko urrian, urte bateko iraupena duen lankidetza hitzarmena sinatu zuen Beterri-Buruntza mankomunitatearekin, eskualdeko herrietako zaintzaileei elkar laguntza eta babesa emateko proiektua garatzeko. Orain, Astigarragan zaintzaile eta emakume migratuekin harremanetan jartzeko lanetan ari dira.

Sareak bost helburu nagusi ditu. Lehenengoa «akonpainamendua da, zaintzaileek zaintzaileei laguntzeko espazioa sortzea, bizipen eta enpatiatik aholkuak eman ahal izateko». Bigarrenik, babesa; «lan egoera prekarizatua duten zaintzaileei laguntza eta lan eskubideen defentsa bermatzea da, formazio soziosanitarioa jaso eta enplegarritasuna hobetzeko asmoz». 

Hirugarrena elkartzea eta sentsibilizatzea litzake; zaintzaileen arteko sarea sortzea alegia, baita instituzioekikoa ere, «zaintzaileen lana gizartean ikusarazteko». Laugarrena zaintzaileen eta baliabideen arteko bitartekaritza lanak egitea da; zaintzaileek jakitea baliabide horiek eskuragarri dituztela. Azkenik, bostgarrena inklusioarena da; «langabeen laneratzea sustatzeko eta eskualdean dauden zaintza premiak hobeto estaltzeko». 

Sarea eratzeko, udaletako Gizarte zerbitzuetako eta Berdintasuneko teknikariekin batera «emakume migratzaile zaintzaileen beharrak ezagutzeko lehen urratsak» ematen ari dira, eskualdean dauden emakume migratu eta zaintzaileekin harremanetan jartzeko. Horrekin batera, zaintzaileei laguntza integrala emateko, abian da astelehenetik ostiralera 14:00etatik 18:00etara erabilgarri egongo den telefono bidezko arreta zerbitzua. 633 177 321 da telefono zenbakia. 

Eskualdeko beste herri batzuetan, behin saretze lana eginda, ekintza batzuk burutzen ari dira. Asmoa da Astigarragan ere datozen hilabeteetan horiek martxan jartzea. Topaketak antolatzen dira, ezagutzak, prestakuntza, ikastaroei buruzko informazioa eta lan-eskaintzak partekatzeko. Usurbil eta Hernanin aurrez aurreko arreta jasotzeko aukera dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!