Herri barruko autobusari buruzko informazio gehiago eskatu dio Astigarragako PSEk Udalari

Iñigo Goñi Iradi 2026ko martxoaren 28a

Gaiaren inguruko azalpenak eskatu dizkio Udalari: «Alkateak iragarri du irailetik aurrera egongo dela martxan, baina zalantza asko daude horren inguruan».

 

Astigarragako herri barruko au­tobusa irailerako martxan egotea aurreikusten da. Horren harira, PSE-EEk Udalari eskatu dio egitasmoaren inguruko informazio «zehatzagoa eta anitzagoa» ematea, baita «Mugi sistemaren integrazioa bermatzea» ere.

PSEtik nabarmendu dute Gipuzkoa, herri arteko garraioaren erabilerari dagokionez, «historiako momenturik onena bizitzen ari dela», 31,2 milioi bidaia erregistratu baitziren 2025ean. Buruntzaldeari dagokionez, 7,2 bidaia egin ziren pasa den urtean, aurrekoarekiko %10eko igoera suposatzen duena. Horrela, BU13 (Hernani> Astigarraga> Donostia) izan da eskualdeko linearik erabiliena, 1,1 milioi aldiz zehazki.

Bestalde, Foru Aldundiko Gobernu kontseiluak martxoaren 3an Lurraldebuseko linea berria onartu zuen, Astigarraga ospitaleekin eta Donostiarekin konexioa hobetzeko. Biztanleriaren hazkundeari erantzuteko helburua zuten Aldundian.

Horrenbestez, Patxi Suarez bozeramaile sozialistak adierazi du  «Foru Aldundia esku hartzen eta herrien arteko garraio zerbitzuak indartzen ari den bitartean, Astigarragako Udalak barne-mugikortasunarekiko egingo duen apustuaren nondik norakoak» ez dituztela ezagutzen.

Herri barruko autobusari da­gokionez, Suarezen hitzetan, «ez dakigu ibilbidea, maiztasuna, zerbitzu eredua, kostua eta nola finantzatuko den». Udalak Gipuzkoako Garraoiaren Lurralde Agintaritzarekin tramiterik hasi duen Mugi sistema txertatzeko ere jakin nahi du PSEk. 

Beraz, Astigarragako PSEk mozioa erregistratu du Udaletxean, «alkateak batzarrean azalpenak emateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!