Azoka gune estalia izango du Astigarragak, udazkenerako. Astelehenean hasi zituzten Umako azoka gunea eraikitzeko obrak, Norberto Almandoz plazako berdegunean, Umako etxea zegoen tokian, Gure Izarra elkartearen aurrean. Sei hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute.
Aurrekontu partehartzaileen baitan aukeratu zuten herritarrek proiektua gauzatzea, eta izango ditu «estalpe bizia, komun lehorra eta biltegia». Urbanizazio lanekin ekingo diote orain, eta ondoren egingo dituzte estalkia eta komuna. Gainera, ingurua ere urbanizatuko dute.
«Proiektu honen helburu nagusietako bat da Astigarragako tokiko nekazaritza-ekoizle txikiek gune eroso eta egoki bat izatea beren produktuak saltzeko. Tokiko produktuen zuzeneko salmenta duintasunez eta erosotasunez egin ahal izatea nahi dugu», azaldu du Udalak.
Aditzera eman duenez, «irizpide ekologikoen arabera» eraikiko dira estalpea eta gainerako elementuak: «Azoka gunearen estalkia bizia izango da, bertan biltzen diren euri-urak biltegiratzeko eta ureztatzeko erabiliko dira, eta soberakina lurzoruan infiltratuko da. Komuna lehorra izango da, eta likidoa eta solidoa banatuko dira. Likidoa sarera bideratuko da, eta solidoa konpostatu egingo da. Komunean, beraz, ez da urik erabiliko, garbitzeko erabiliko denaz gain. Gainera, bioeraikuntza-irizpideekin lan egingo da, eta material jasangarriak, naturalak eta bertakoak erabiliko dira eraikuntza lanetarako».
Obrak hastearekin batera, inguruko aparkalekuak hustu behar izan dituzte, ibilgailuen pasabidea bermatzeko. Era berean, konpostarako etxola ere kendu dute, eta etxola berria eraikiko dute obrak bukatzean.