Martxan da energia komunitatea sortzeko prozesua Astigarragan, eta bihar egingo dute aurreneko bilera

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 25a

Xabier Urdangarin eta Andoni Gartzia, prozesuaren aurkezpenean.

Udalak sustatuta eta Goienerrek gidatuta, sei saio egingo dituzte ekainera bitarte, energia berriztagarrien komunitate bat sortzeko, herritarrek erabakiko duten formarekin. Udaletxean izango da lehenengoa, 18:30etan.

Urtea bukatu aurretik, energia berriztagarrien komunitatea izango du Astigarragak ere. Asmo horrekin jarri du martxan prozesua Udalak, Goiener kooperatibak gidatuko duena: sei saio egingo dituzte ekainera bitarte, herritarrek erabaki dezaten zer nolako forma hartuko duen komunitateak. Bihar bertan egingo dute aurrenekoa, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara, udaletxeko pleno aretoan.

Atzo azaldu zituzten prozesuaren nondik norakoak, Xabier Urdangarin alkateak eta Andoni Gartzia zinegotziak. Joan den urtean eman zituen aurreneko pausoak Udalak, herritarrekin batera: batzar irekiak egin zituzten, gaiaren inguruan sentsibilizatzeko. Orain abiatu duten prozesua, aldiz, komunitatearen sorrera gauzatzeko izango da. Udala «uneoro bidelagun eta babesle» izango da bide horretan, energia komunitateak «era askotako onurak» dakartzalako. 

«Bere helburu nagusia da komunitatearentzat berarentzat energia berriztagarrietan oinarritutako soluzioak sustatzea; alegia, energiaren inguruko jarduerak garatzea, trantsizio energetikoa bultzatzea, energia aurreztea eta klima aldaketaren aurka egitea. Horrek guztiak onura ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak eskaintzen dizkio komunitateari eta bere tokiko inguruneari. Ezinbesteko tresna da energia burujabetzara bidean», adierazi dute.

Joan den urteko prozesuan, ikusi zuten herritarrek bazutela interesa, eta uste dute egungo nazioarteko testuinguruak areagotu egingo duela hori. Gainera, nabarmendu dute Astigarragak berak badauzkala zenbait abantaila, energia berriztagarrien komunitatearentzat. Besteak beste, «poligonoetako teilatuak aprobetxatzeko aukera, herrigunetik gertu». Zentzu horretan, enpresekin eta komertzioekin «sinergiak» sortzeko aukera polita dagoela uste dute, eta haiekin ere egingo dute saio bana, pertsona fisikoek zein juridikoek hartu baitezakete parte komunitatean.

Eta era berean, «aurreko esperientzien» ezagutza ere baliatuko dute, dagoeneko sortu baitira energia berriztagarrien komunitate ugari, beste herri batzuetan. Hain juxtu, Hernaniko energia komunitatea gonbidatuko dute saioetako batera, haien esperientzia partekatzera.

Hurrengo saioak, Erriberan

Biharkoaren ondoren, beste bost saioren data ere zehaztu dute dagoeneko. Ostegunez izango dira denak, Erribera kulturgunean, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara: apirilaren 16an eta 30ean, maiatzaren 14an eta 28an, eta ekainaren 11n. Udazke­nean izango dira beste bi saio. Udalak herritar guztiei luzatu die saioetan parte hartzeko gonbitea, eta informazio gehiagorako, Ingurumen Sailarekin jarri daitezke harremanetan: 943 33 52 41 edo ingurugiro@astigarraga.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!