Bihar bertan hasiko dira Ergobiko plaza berritzeko eta kioskoa eraikitzeko lanak

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko martxoaren 22a

Obrek bospasei hilabete irautea aurreikusi du Astigarragako Udalak, eta beraz, auzoko jaiak hasi baino lehen amaituko lirateke. 

 

Bihar bertan hasiko dituzte Ergobiko plaza berritzeko obrak. Lana gauzatzeko epea bospasei hilabetekoa izango da, eta atzerapenen bat izanda ere, auzoko jaietarako amaitua egotea aurreikusi du Astigarragako Udalak. Lan guztiak Ergobiko plazaren nortasuna mantenduz egingo dira.

421.000 euroko kostua izango du plaza berrurbanizatzeko eta kioskoa eraikitzeko obrak, eta hiru helburu lortu nahi dira horrekin. Lehenik eta behin, kiosko funtzioak betetzeko estalki arin bat egitea. Musika edo beste edozein ikuskizun eskaintzeaz gain, herritarrek egunerokotasunean erabili ahal izango duten espazioa ere izango da. Agertokia 6x6 metroko espazio karratua izango da, eta estalkiaren tamaina 9x9 metro ingurukoa. 

Bigarrenik, gaur egun plazak dituen irisgarritasun arazoak konpondu nahi dira. Horrenbestez, kioskoaren ingurua egokituko da auzoaren bi mailen arteko haustura modu praktikoan eta irisgarrian konpontzeko. Harmaila formako eskalinata bat egingo da, neurri erosoko eskailerekin eta sigi-sagako ibilbide batekin. Harmailek eserleku gisa ere balioko dute. 

Hirugarrenik, udaran plazan egon daitekeen tenperatura jaisteko helburuarekin, zuhaitzak landatuko dira eta zoladura iragazkorra ipiniko da. Gaur egun Ergobiko plazan ez dago zuhaitzik, eta hori salbuespena da Astigarragan. Probalekuaren alboan jarriko den zoladurak, gainera, belarrak haztea ahalbidetuko du.

Obrak plazaren nortasuna aldatu ez dezan, bertako elementu bereizgarriak mantenduko dituzte; hala nola 'Aupa Ergobia' hitzak, kupeltxoa, diru-kutxa, iturria eta idi-probetako harriak.  

Lan eremua hesitzen den unetik ezin izango da plazan ibilgailurik aparkatu. Oinezko­entzako eta atzeko garajeetara joateko sarbidea, aldiz, libre egongo da uneoro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!