Pelotari kalea zabalik eta aparkalekuak erabilgarri, «aurreikusi baino lehenago»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 19a

Ostiral iluntzean zabaldu zuten kalea, bertako lanak bukatuta; eta EAJk egindako kritikei erantzun die Astigarragako Udalak.

Asfaltatze lanak eta bidegorria eraikitzekoak bukatuta, ostiral iluntzean zabaldu zuten Pelotari kalea, eta obrako materialak eta etxolak ere kenduta, ordutik daude erabilgarri aparkalekuak, «aurreikusi baino lehenago». Gainera, aparkaleku kopuru berari eustea lortu duela nabarmendu du Astigarragako Udalak.

Obraren epeei buruzko argibideak eman ditu Udalak, EAJk joan den astean egindako kritikei erantzunez. Horrela, azaldu du luzea izan dela bidegorria eraikitzeko prozesua: 2025eko uztailean lehiaketa martxan jarrita, obrak urrian hasi eta urtarrilean bukatzea espero zuten, baina ez zen enpresarik aurkeztu. «Proiektua berrikusi eta kontratazio-espediente berria onartu zen oso epe laburrean, eta urriaren 16an esleitu zitzaion aurkeztu zen enpresa bakarrari. Epeak asko murriztu arren, lehenengo lehiaketa hutsik geratu izanak atzeratu zituen, eta horregatik egin behar izan dira obrak txotx denboraldiaren zati batekin batera. Izan ere, denboraldia amaitu ondoren egin izan balira, Santio Jaiekin kointzidituko zuten».

Zentzu horretan, Udalak azaldu du jakitun dela «horrelako obrek eragozpenak sortzen dizkietela bizilagunei, komertzioei eta abarri. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu bizilagunei eta merkatariei, izandako pazientzia eta jarrera onagatik». Era berean, adierazi du Udalak «ahalegin haundia» egin duela obra kudeatzeko garaian, «uneoro ohiko funtzionamenduarekin jarraitu ahal izateko»; eta trafikoaren noranzkoak egokitu dituela, «irisgarritasuna ahalik eta gehien ziurtatzeko». Gainera, «uneoro» eman du trafiko aldaketen eta bestelako informazioen berri, bandoen, Udalaren webgunearen eta sare sozialen bidez. «Beraz, obra kudeatzeko zaila izanik ere, informazioaren, irisgarritasunaren eta exekuzioaren ikuspegitik egoki kudeatu da, aparteko gorabehera eta kalterik eragin gabe», azpimarratu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!