«Txotx denboraldian hasitako obrek kaosa sortu dute», EAJk salatu duenez

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 13a

Pelotari kaleko eta Kale Nagusiko obren kudeaketa kritikatu du alderdi jeltzaleak, «behar bezalako komunikaziorik eman gabe» hasi direlako.

Kritiko azaldu da Astigarragako EAJ-PNV, asteotan Pelotari kalean eta Kale Nagusian egin dituzten obren kudeaketarekin. Alderdi jeltzaleak salatu duenez, «kaosa» sortu dute «txotx denboraldian hasitako obrek». Adierazi dute «auzotarrei eta saltokiei behar bezalako komunikaziorik eman gabe» hasi dituztela obra horiek, eta ondorioz, «eragozpen haundiak» sortu dituztela.

«Txotx garaian, herriak milaka bisitari hartzen dituenean, obren hasiera benetako eromena izaten ari da. Azkeneko plenoan bozeramaile jeltzaleak ohartarazi zuen aipatutako kaleetako obrei buruzko informazio eta plangintza egokirik ezak eragin duen haserre orokorra, Pelotariko zirkulazioa mugatu eta aparkalekuak kendu baititu», azaldu dute EAJtik.

Udal talde jeltzalearen arabera, «uda garaira» atzeratu behar ziren bidegorria instituturantz egokitzeko obrak, «Astigarragako jarduera haundieneko aldiekin bat egin beharrean. Ulertezina da obra horiek orain hasi izana, udalerria txotx denboraldian bisitari gehiago hartzen ari denean, hori funtsezkoa baita tokiko merkataritzarentzat», adierazi du Maria Otaegi bozeramaileak.

Ildo horretatik, ohartarazi du «ezinegona areagotu» egin duela «herritarrentzako eta merkatarientzako informazio-kanpaina egokirik ez izateak. Ez da argi azaldu obra horiek une honetan egiteko premia, eta horrek mesfidantza eta frustrazioa sortu ditu. Auzotarrekiko eta saltokieko errespetu falta argia da, denboraldi honetan bisitari kopuruaren mende baitaude, urte osoan zehar beren jarduerari eutsi ahal izateko».

Bisitariei erakutsi beharreko irudian ere jarri du arreta alderdi jeltzaleak: «Astigarraga ez da urte osoan herri turistikoa, eta hilabete hauetan milaka bisitarik ikusten dituzte gure kultura eta tradizioak. Benetan hori al da eskaini nahi diegun irudia?».

EAJk nabarmendu du, azkenik, Udalak «sentikorragoa» izan behar duela «herriaren beharrizanekiko eta urteko sasoi ezberdinen berezitasunekiko. Obrak beharrezkoak dira, baina zentzu haundiagoz eta herritarren eta tokiko merkataritzaren interesak errespetatuz kudeatu behar dira. Eskatzen dugu errealitate horiek kontuan hartzea eta udalerri osoari kalterik egingo ez dioten irtenbideak bilatzea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!