'Astigarraga zure esku' izenburupean, aurrekontu partehartzaileen prozesua jarri du martxan Astigarragako udalak, aste honetan. Horrela, herritarrek erabakiko dute zertarako erabili 240.000 euro. Bi urtetako partidak bateratu dituzte bakarrean, joan den urtean ez baitzen burutu prozesua.
Proposamenak egiteko fasea izango da aurrenekoa, eta atzotik 26ra arte aurkeztu ditzakete herritarrek. Hiru bide jarri dituzte aukeran horretarako. Batetik, etxean jasoko dute eskuorria, eta bertan proposamena idatzita, udal postontzietan utzi dezakete: udaletxean, kiroldegian, Erriberan, Gaztelekuan, Kiriketa Haurreskolan, Galtzaur elkartean, AEKn, eta Kontxa Etxeberria, Joseba Barandiaran, Errekatxo, Ergobi eta Norberto Almandoz plazetan. Bestetik, posta elektronikoz ere bidali daitezke proposamenak, alkatetza@astigarraga.eus helbidera. Eta azkenik, astigarraga.eus webgunean jarri duten formularioa beteta; ondoko helbidean topatu daiteke: labur.eus/zureesku2026.
Herritarrek bozkatuko dute, aukeratutako finalisten artean
Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, bigarren fasean udal teknikariek baloratuko dute horien bideragarritasuna. Ondoren, proposamena finalistak aukeratuko dituzte. Eta azkenik, herritarrak izango dira gauzatuko diren proiektuak aukeratuko dituztenak, finalista horien artean.
Aurreko urteetan, besteak beste, honakoak gauzatu dituzte aurrekontu partehartzaileetako partidekin: eskolako jolastokia estaltzea, Galtzaur elkartearen lokala berritzea, pump track zirkuitua, ibai parkeko jolasguneak eta aisialdi guneak, eta kiroldegia haunditzeko proiektuaren idazketa. Horren baitan egingo da Umako azoka gune estalia ere: obrak hastear dira, Udalak jakinarazi duenez.