Joan den astean onartu zuen Gipuzkoako Foru Gobernuaren Kontseiluak, Astigarragatik ospitalera eta unibertsitatera linea berria martxan jartzea. Baina herriko autobus zerbitzuaren kalitateari buruzko eztabaida lasaitu baino, tira-bira areagotu egin da azkeneko egunetan.
Horren erakusgarri da, esaterako, herritarrek larunbatean egin zuten manifestazioa: adin guztietako ehunka lagun agertu ziren, zerbitzuarekin haserre, 'Astigarragan autobus zerbitzu duina orain' zioen pankartaren atzean. «Garbi geratu da ez garela lau katu, Batzar Nagusietan PSE-EEko ordezkariak askotan eta oso modu desatseginean esan zuen bezala», adierazi dute MUGItu Astigarraga plataformatik.
Bezperan izan zen hori, ostiralean egin baitzuen agerraldia Xabier Urdangarin alkateak Batzar Nagusietan. Bertan, hainbat eskaera egin zizkion Aldundiari: nagusiak, «martxan diren bi lineak behin betiko indartzea, linea berriaren maiztasunak haunditzea, eta autobus zerbitzuaren kalitatea oro har bermatzea».
Urdangarinek adierazi zuen dagoen zerbitzua ez dela nahikoa, ez dela egokitu herriaren hazkundera eta garraio publikoaren erabilerara, eta zerbitzuaren kalitatea exkaxa dela. Gainera, salatu zuen «Aldundiak gai honekin egindako bide luzean izan duen jarrera», 2021etik Udalaren eskaera eta proposamenei ez erantzunez eta lankidetza-gonbidapenak ezeztatuz. Zentzu horretan, adierazi zuen «azkeneko hilabeteotan jarrera baikorra eta aldaketa nabarmena» izan dela Aldunditik.
Herritarren kezkak, deitutako mobilizazioen zergatiak, eta zerbitzuan 2021etik izandako erabilera-hazkundea nabarmendu zituen alkateak, eta Aldundiak mahai gainean jarritako bi proposamenen inguruan ere aritu zen, zenbait kezka azaleratuz, bereziki linea berriaren inguruan: maiztasun bajuegia, asteburuetan zerbitzurik ez izatea, Astigarragan bi geltoki bakarrik izatea, ospitaletako geltokia sarrera nagusitik urrun... «Aldaketak eta hobekuntzak bidean daude, itxaropena pizten digu horrek; baina arretaz jarraituko diogu gaiari, ditugun kezka horiek desagertzen direla ikusi arte: ordutegia betetzen dela, herritarrak ez direla geltokian geratzen...», bukatu zuen agerraldia.
Kontrara, Aldundiak hartutako neurria «oso positibotzat» jo du Astigarragako PSE-EEk, prentsa ohar bidez. Patxi Suarez bozeramaileak adierazi du, «bizilagunen aldarrikapen historiko bati» erantzungo diola linea berriak: «Konponbide zehatzak eskatzen zituzten, eta gaur esan dezakegu eskaera hori gauzatzen hasi dela. Azahara Dominguez diputatu sozialistak konpromisoa, entzutea eta kudeatzeko gaitasuna erakutsi ditu, eta bere bultzada funtsezkoa izan da garraio publikoa indartzeko eta Astigarragako konektibitatea hobetzeko».