Gaztetxoen artean xakea sustatzeko ahalegin bete-betean jarraitzen du Astigarragako Xake Klubak, eta bide horretan, Gipuzkoako eskolarteko finalak antolatu ditu datozen bi asteburuetarako: martxoaren 7an, 8an, 14an eta 15ean jokatuko dira, Erribera kulturgunean. 9 eta 14 urte bitarteko haurrak ariko dira bertan.
Alebin (2014-2015 urteetan jaiotakoak) eta infantil (2012-2013) mailetan jokatuko dituzte banakako finalak, hiru egunez, zazpi txandatan: martxoaren 7an goizez, 8an goizez eta arratsaldez, eta 14an berriro goizez. Izan ere, partida luzeak dira, bi ordutara ere iritsi litezkeenak.
Benjaminetan (2016-2017), berriz, leiharik gabeko topaketa egingo dute martxoaren 14ko goizean, «ondo pasatzeko eta elkar ezagutzeko, xakea jolas gisa hartuta; eta aldi berean, txikienei harra sartzeko».
Martxoaren 15ean, berriz, taldekako finalak jokatuko dituzte. Egun horretan, finalak bukatuta, banatuko dituzte banakako zein taldekako sari guztiak. Alebinetan eta infantiletan, gainera, aurreneko bi postuetan sailkatzen diren xakelariek aukera izango dute Euskadiko eskolarteko finaletan aritzeko.
Lau egun horietan, sekulako partehartzea espero du Astigarragako Xake Klubak: «Oraingoz badakigu, banakako finaletan bakarrik, 80 haur baino gehiago ariko direla. Horri gehitzen badizkiogu taldekako finalak, 100 partehartzailetik gora izango ditugu, ziur». Xakearen festa izango da Erribera kulturgunean bi asteburuetan, beraz.