Astigartarren aspaldiko eskakizuna da, herria ospitalearekin eta unibertsitatearekin lotuko dituen autobus linea bat martxan jartzea; eta badirudi gauzatzetik gertu dagoela. Hala jakinarazi zuen atzo Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak: linea berria sortzeari onarpena eman dio Aldundiko Foru Gobernuaren Kontseiluak, eta datozen asteotan jarriko dute abian zerbitzu berria, Lurraldebusen eskutik.
Domínguezen arabera, «linea ezartzeko abiapuntua» da Foru Gobernuaren Kontseiluak onartu izana. «MUGItu Astigarraga plataformarekin konpromisoa hartu genuen zerbitzu hau jartzeko, eta udaberrian bertan egongo da martxan», adierazi du diputatuak.
Astigarragako biztanleriaren hazkundeak sortutako beharrari erantzuten dio neurriak: «Lurraldebuseko lineen erabiltzaileak asko ugaritu dira. Horregatik, udalerriaren konektibitatea hobetzeko eta erabiltzaileen hazkunde horri erantzuteko, linea bat jarriko dugu abian, udalerria ospitaleekin eta Donostiako unibertsitate-eremuarekin zuzenean lotuko duena. Jakin behar dugu biztanleriaren hazkundeak zerbitzu publikoekiko behar batzuk sortu dituela, eta garraio publikoa ez dago horretatik salbuetsita. Horregatik, uste dugu linea berri honek, Astigarragako konektibitatea nabarmen hobetzeaz gain, aukera emango digula herrian zerbitzua ematen duten lineetan erabiltzaileak hobeto banatzeko, horrela garraio pubikoaren erabileraren esperientzia ere hobetuko baita».
Horren harira, zenbait datu ere ekarri ditu gogora: «Lurraldebusek 7,2 milioi erabiltzaile izan zituen 2025ean Buruntzaldean, aurreko urtean baino ia %10 gehiago; eta BU13 linea (Hernani-Astigarraga-Donostia) izan zen erabiliena, 1,1 milioi bidaiarirekin (%9,53ko hazkundea)».
MUGItu plataformaren aldarrikapenetako bat
Hain juxtu, joan den larunbatean egin zuen elkarretaratzea MUGItu Astigarraga plataformak, Donostia Ibilbidean, autobus zerbitzuaren kalitatea hobetzea eskatzeko. 200 lagun baino gehiago bildu ziren, «egungo zerbitzuarekin haserre», eta unibertsitatera eta ospitalera autobus linea berria lehenbailehen martxan jartzea izan zen aldarrikapenetako bat.