«Benetako berdintasuna aldarrikatzeko eta oraindik ere irauten duten egitura patriarkalak salatzeko eguna» izango da igandekoa Astigarragan. Horretarako eta «borroka feminista ikusarazteko» prestatu dute programa potoloa, Martxoak 8aren harira, iganderako ez ezik hilabete osorako, Udalak eta herriko hainbat eragilek.
Goizetik iluntzera izango dira ekintzak Emakumearen Nazioarteko Egunean. Emakumeon Etxean jarri dituzte aurreneko hitzorduak: laburmetraia eta solasaldia goizean, vermuth musikatua ondoren, eta bazkaria eta bingo musikatua segidan. Bazkarirako izena eman behar da, janaria etxetik eramanda ere, ondorengo helbidean: labur.eus/M8emakumeonetxea. Gainera, Xaguxarreko begiraleek ere hartuko dute parte egunaren antolaketan, eta haurrei zuzendutako ekintzak antolatuko dituzte 10:30etatik 12:30etara.
Arratsaldean, berriz, elkarretaratzea izango da Joseba Barandiaran plazan, 'Beste mundu bat feminismotik' lelopean. Eta 'Tablao' dantza ikuskizunarekin borobilduko dute eguna iluntzean, Erriberan, Matazak elkarteak antolatuta.
Horren aurretik, doako irrintzi tailerra izango da bihar bertan, Kultur Etxe Zaharrean. Eta larunbatean 'Feminisimass' antzezlana eskainiko du DeSteXeito konpainiak, Erriberan. Egun seinalatua pasata, berriz, martxoaren 25era arte luzatuko dira ekintzak, beste lau hitzordurekin.
|