Herriko autobus zerbitzuaren egoerarekin arduratuta agertu da MUGItu Astigarraga plataforma, beste behin; eta nabarmendu du kezka «gero eta haundiagoa» dela herritarren artean, «autobus zerbitzuaren kalitatearen inguruan».
Duela hilabete batzuk jarri zuten plataforma berriro martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiari bere «eskaerak eta beharrak» helarazteko. «Ordutik hona pauso batzuk eman dira, eta hori baloratzen dugu, baina oraindik ere nahikoa ez dela uste dugu», azaldu dute.
Izan ere, diote Astigarragak izan duen hazkundea ez datorrela bat «autobus zerbitzuaren hobekuntza exkaxarekin. Herritar askok egunero bizi duten egoerak kezka eta haserrea sortzen du. Izan ere, garraio publikoaren erabilera sustatzea herritarron zein instituzioen helburu partekatua bada ere, zerbitzu egokirik gabe oso zaila da hori lortzea».
Astelehenean egin zuen beste bilera bat plataformak: «Argi geratu zen autobus zerbitzuaren kalitatea herritar askoren kezka nagusietako bat dela. Udaleko zinegotzi guztiak gonbidatu genituen bilerara, arazoak elkarrekin aztertzeko; baina alderdi bakarra agertu zen, EH Bildu», adierazi dute.
Plataformak azaldu duenez, Aldundiak badu «herritarren eskaeren berri». Honakoak dira eskatu dizkioten neurriak: «Autobus artikulatuen erabilera ordutegi zehatz eta gehiagotan finkatzea, ez bakarrik une puntualetan; ospitalea eta unibertsitateak lotuko dituen linea lehenbailehen martxan jartzea eta maiztasuna haunditzea, ordubeteko maiztasuna oso exkaxa baita; eta dauden beste bi lineen zerbitzua haunditzea, astegunetan zein jaiegunetan».
Horiei ahalik eta azkarren erantzuteko eskaera egin dute: «Gure herriak hazten jarraitzen du, eta garraio publiko eraginkorra ezinbestekoa da bizi-kalitatea bermatzeko, trafikoa gutxitzeko eta ingurumenarekiko konpromisoa betetzeko. Horregatik, Aldundiari eta dagokion erakunde guztiei eskatzen diegu herritarren eskaerak entzun eta neurri eraginkorrak lehenbailehen hartzea».