Aldundiak hartu duen erabakia «positibotzat» jo du Astigarragako EAJ-PNVk. BU12 eta BU13 autobus lineak indartuko ditu Aldundiak autobus artikulatuak jarrita. Antza denez, «ibilgailuen edukiera faltak pilaketak sortzen ari zen», eta horrek, geltokietan pertsonak igo ezinik uzten ari zela dio EAJk.
Jeltzaleek adierazi dutenez, «aspalditik lantzen» ari den arazoa da, 2025eko udazkenean beraiek publikoki exijitu zutena: «Guk publikoki exijitu genuen Hernaniko azpiegituren premiazko egokitzapena autobus artikulatuak Astigarragara iritsi ahal izateko, obra horiek gabe teknikoki ezinezkoa baitzen zerbitzua ematea».
Aldundiak BU12 eta BU13 lineak indartuko ditu autobus artikulatuen bidez, «puntako orduetan saturazioak saihesteko». Neurri hau «aspalditik eskatu den eta beharrezkoa den hobekuntza» izan dela diote jeltzaleek, eta positiboki baloratzen dute erabakia: «Hilabeteak daramatzagu behin eta berriz esaten, autobus artikulatuak sartzeko, ibilbidea egoztea zela irtenbide bakarra. Azkenean, gaur egun errealitate bat da, eta albiste ona da Astigarragarentzat», azpimarratu du Maria Otaegik, EAJ-PNVko bozeramaileak.
Oinarrizko zerbitzua izanik, erabakia eztabaida alderdikoiaren gainetik egon behar dela diote jeltzaleek, ondorioak bizilagunek jasotzen baitituzte: «Garraio publikoak behar bezala funtzionatzen ez duenean, egunero lan egiteko, ikasteko edo hitzordu medikoetara joateko erabiltzen duen bizilagunek jasaten dute».
Bestalde, egindako «lan diskretua» aldarrikatu dute: «Erakundeen arteko lankidetza eta aldundiarekin egindako lan diskretua aldarrikatzen ditugu, beti agertu baita prest dauden arazoak konpontzeko; EHBilduren zarataren, pankartaren eta populismoaren aurrean».
Neurri hau «hobekuntza haundia» bada ere, lanean jarraitu behar dela diote.: «Astigarragak lotura zuzena behar du Miramongo ospitale eta unibertsitate gunearekin. Udalerriaren aldarrikapen historikoa da, eta hori bete dadin lanean jarraituko dugu», gehitu du Otaegik.