Plenoak egingo dira gaur, Hernanin eta Astigarragan

Libe Murua Masid 2026ko otsailaren 24a

Azaroko pleno bat

Ezohiko Tokiko Gobernu batzarrak egin ditu Astigarragako Udalak otsailean zehar, «presazko gai batzuk bideratzeko».

Plenoak egingo dituzte gaur, Hernaniko eta Astigarragako Udalek. Hernaniko osoko bilkura arratsaldeko 18:00etan egingo da, Udaleko 2.solairuan. Astigarragakoa, arratsaldeko 19:00etan egingo da, eta ordubete lehenago, 18:00etan, deitu dute ohiko Tokiko Gobernu Batzarra. Ezohiko deialdi bana ere egin dituzte otsailean zehar, Astigarragako Udalak azaldu duenez, «presazko gai batzuk bideratu ahal izateko». 

Hernaniko plenoan 10 puntu landuko dituzte gaur, tartean, Elkarrekin Podemos udal taldeak aurkeztutako mozioa:: 'Migratzaileen ezohiko erregularizazioaren aldeko mozioa'. Astigarragan, bost puntu egongo dira lanzteko, tarteaN, Martxoaren 8ari begirako adierazpen instituzionalaren proposamena.

Ohiko Tokiko Batzarrean, berriz, 18 puntutan jarriko dute arreta. Besteak beste, herriko elkarte ezberdinei bideratutako diru-laguntzak, euskera sustatzeko UEMAren plana, indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko erakundeen protokoloa edota lankidetza-hitzarmena segurtasun saileko irrati-komunikazioen sarean integratzeko. 

 

Hainbat kontratazio espediente onartu dira ezohiko Tokiko Batzarretan

Ohiko deialdia baina lehen artu beharreko zenbait «presazko» erabaki zeudela eta, bi ezohiko Tokiko Batzar burutu dira Astigarragan otsailean zehar. Batzar hauetan, kontratazioa-espedienteak eta zenbait diru-laguntza onartu dira.

Herri Eskolarekin lotuta, ontzat eman dira bi kontratazio-espediente. Batetik, gas galdara bero-ekoizpen jasangarri batekin ordeztuko da. Horrekin batera, martxan jartzeko behar diren obra guztiak egin beharko dira, bai eta instalazio osoa legeztatu. Lehiaketa abian dago jada, eta lizitazioaren gehienezko aurrekontua zehaztu zuten: 362.729,69 eurokoa. Bestalde, mantentze-lan eta atezaintzaren zerbitzuen kontratazio-espedientea ere onartu zen, eta martxan dago lehiaketa hau ere.

Bestetik,  Ergobia plazatxoko berrurbanizazioa eta kiosko berria eraikitzeko lanak Iparragirre eraikuntza S.L enpresari egokitu zaio, 421.400 eurotan, bera izan baita puntu gehien lortu dituena lizitazioan. Martxoan hasiko dira lanak eta 6 hilabeteko iraupena izango dute.

Diru-laguntzaei dagokienez, bi kontu. Batetik, ekintzailetza sustatu eta dauden jarduera ekonomikoak sendotu eta mantentzeko diru-laguntzen oinarriak eta deialdia onartu ziren. Eta, bestetik, hainbat diru-laguntza izendun onartu ziren: 37.500 euroko laguntza Astiko elkarteari, 75.000 eurokoa Emakumeon Etxea elkarteari eta 112.000 euroko diru-laguntza Mundarro kirol elkarteari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!