Martxoko egitaraua kaleratu berri du Astigarragako Emakumeon Etxeak. Bi tailerrek, antzerkiak eta zineforumak osatuko dute plangintza. Martxoaren 8an, Emakume Langileen Nazioarte Egunean, egun osoko egitaraua ere antolatu dute.
Baratza feministako saio praktikoak eta irrintzi tailerra egingo dituzte martxoan. Irrintzi tailerra M8aren baitan antolatu da. Izan ere, irrintzia «gure kulturaren parte» dela azaldu dute, «entzuten duenak hunkiarazteko indarra duen adierazpide bat» alegia. «Erronka» bat ere badela diote, lotsa gainditu behar izaten baita, eta horregatik, tailer honen helburua, irrintziari buruzko ezagutza jasotzea eta gero eta emakume gehiago adierazpide hau erabiltzera animatzea izango dela diote. Baratza feministan, berriz, aditu baten bitartez, herri baratzetan duten lursail txikia nola landu erakutsiko da. «Baratza ahalduntze tresna gisa ulertzen baitugu», eta helburua taldean eta modu autogestionatuan lurra lantzea, ikastea eta gozatzea izango dela diote.
'Promesa berdina egin diegu lagun guztiei' antzerki obra eskainiko dute Infinitudrama konpainiaren bitartez, M8ko egitarauaren baitan hau ere. Zineforumerako, Lina Soulaem zuzendariaren 'Bye bye Tiberias' filma hautatu dute eta Su Hernandez Aparicio egongo da saioa gidatzen.
M8rako, egun osoko egitaraua
Emakume Langileen Nazioarte Egunean, martxoaren 8an, goizeko 10:00etan hasiko dira ekintzak Astigarragan, eta arratsaldeko 18:00ak bitarte luzatuko dira. Bazkaria ere antolatu dute, eta parte hartu nahi duenak izena eman beharko du emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera idatzita. Arratsaldez egingo dute elkarretaratzea, 18:00etan.
Otsailaren 27an, «ezagutu, elkarbanatu eta saretzeko» kafe tertulia
Martxoko egitaraua hasi aurretik, otsailaren 27rako hitzordua ere jarri du Emakumeon Etxeak. Kasu honetan, «harreman-sareek gure bizitzetan duten garrantziaz jabetuta», kafe, te edo infusio baten bueltan elkartuko dira, hain zuzen ere, harreman hauek eraiki eta sustatu asmoz. «Denbora eskainiko diogu geure buruari, elkar ezagutzeko, ikasteko eta gozatzeko», diote.
Saio ezberdinak egitea da beraien asmoa, eta bakoitzean gai konkretu bati buruz hausnartzeko aukera ematea. Bide batez, «Emakumeon Etxeko bazkideen gaitasunak eta ezagutzak balioan jarriko ditugu».