Beste urte batez, Zuhaitz Eguna ospatuko dute Astigarragan, aurreko urtean herrian jaiotako haurrei ongietorria emateko. Igande honetan egingo dute, eta parte hartzera gonbidatu dituzte 2025ean jaio ziren haurrak eta haien familiak. Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua, Anuska auzoaren goiko aldean, Putxutxo baserriaren ondotik igota.
96 izan ziren iaz jaiotako astigartarrak, eta haietako bakoitzarengatik zuhaitz bana landatuko dute, haurraren izenarekin eta jaiotze datarekin, «biak Astigarragan elkarrekin hazi daitezen».
Aitzurra daukaten familiei, eskatu diete eraman dezatela, landaketa azkarrago egiteko.
Tren geltokiaren obrengatik zuhaitza galdu zutenek, berria landatzeko aukera
2025ean jaiotako haurren familiak ez ezik, beste zenbait ere gonbidatu dituzte igande honetako Zuhaitz Egunera. Izan ere, badira zenbait familia, beraiek Andre Gobadarien ibai parkean landatu zuten zuhaitza galdu dutenak, tren geltokiko obren ondorioz. Horiek guztiek ere, zuhaitz berri bat landatzeko aukera izango dute igande honetan, Anuskaren goikaldean.
Horretarako, Udaleko Ingurumen Sailarekin jarri behar dute harremanetan: 943 33 52 41 telefonora deituta, edo ingurugiro@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzita.