Lanbide Heziketako ikasleek egin dute dolare zaharraren muntaketa eta zaharberritzea

Libe Murua Masid 2026ko otsailaren 18a

Hilabetez aritu dira ikasleak dolareen berreskuratze lanetan.

Urtarrilaren 12tik otsailaren 13a bitarte egon dira ikasleak Dolareen berreskuratze lanak egiten, eta bide batez, inguruko ondarea eta museoak ezagutzen. 

Dolareak proiektua elkarlanean sustatu dute Peio Martikorena Fundazioak, Astigarragako Udalak eta Euroeskualdeko hiru Lanbide Heziketa ikastetxek: Nafarroako CIF Donibane, EAEko EASO Politeknikoak eta Akitania Berriko Fédération Compagnonnique. Horren baitan, Lanbide Heziketako ikasleak aritu dira Astigarragako dolare zaharra muntatzen eta zaharberritzen, urtarrilaren 12tik otsailaren 13ra bitarte; eta bide batez, ikasleek inguruko ondarea eta museoak ezagutzeko tartea ere atera dute. 

Astigarragako Udalak azaldu duenez, hasieratik helburu bikoitza izan du proiektu honek: alde batetik, dolare zaharren muntaketa eta zaharberritzea, eta bestetik, zurgintza lanbide tradizionalak gazteei transmititzea, prestakuntza eta mugikortasun-programa baten bidez. 

2025eko urrian iritsi ziren lehenengoz Lanbide Heziketako zurgintza arloko ikasleak Astigarragara, eta 7 egunez aritu ziren XVII. mendeko bi dolare muntatzen eta zaharberritzen. Aurten lanarekin jarraitu dute, eta 18 ikasle lanean aritu dira hilabeteko epean, joan den ostiralera arte. 

Turismoa ere egin dute ikasleek: Astigarragako Sagardoetxea Museoa, Ezkio Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoa, Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa, Tolosako Gorrotxategi Museoa eta Beasaingo Igartza Jauregia bixitatu dituzte denbora tarte horretan. 

Lanak amaituta, Udalak jakinarazi du unibertsitateko aditu batek Dolareen 3D eskaneatze digitala egingo duela, ondoren baliabide pedagogiko gisa erabiltzeko eta etorkizuneko hezkuntza-materialak sortzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!