Odola emateko aukera, etzi

Libe Murua Masid 2026ko otsailaren 14a

Astelehenean arratsaldeko 16:30etatik 20:30etan egingo dira erauzketak, Erribera kulturgunean. Nahitaezkoa da aurretiaz hitzordua eskatzea, webgune bidez www.gotatanta.eus helbidean edo 943 007 884 zenbakira deituz.

Odola emateko aukera egongo da astelehenean, hilak 16, Astigarragako Erribera kulturgunean.  Arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara egingo dira erauzketak. Antolatzaileek gogoratu dute nahitaezkoa dela aurretiaz hitzordua eskatzea. Horretarako bi modu aipatu dituzte: www.gotatanta.eus webgunetik, erauzketa baino 24 edo 48 ordu lehenago edo telefono bidez astelehenean bertan, goizeko 8:30etatik 14:30etara 943 007 884 telefono zenbakian. 

Jarduera hau Astigarragako Odol Emaileen Elkartearen ordezkaritzak antolatu du, Astigarragako Udalaren babesean. Elkarteak azaldu du, odol-emaileek harrotasunez esan dezaketela «bizitzak salbatzen dituztela»: «Boluntarioei esker, egunero salbatzen dira bizitzak eta hobeto bizitzen laguntzen zaie gaixoei. Horregatik, harrotasunez esan dezakegu gure odolak biziak salbatzen dituela!».

Elkartetik eskerrak helarazi nahi dizkie Astigarragako emaile guztiei, «eskuzabala baina beharrezkoa» den entrega egiteagatik. Jada emaile direnei ez ezik, emaile berriei ere egiten diete deia, eta odola emateko pausua ematera animatu dituzte herritarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!