Aparkatzeko 30 plaza berri inguru egokituko ditu Astigarragako Udalak

Libe Murua Masid 2026ko otsailaren 14a

Pelotari kaleko obrak. Argazkia:Astigarragako Udala.

Pelotari kaleko obrak amaitzean, lehen zegoen aparkaleku berak mantentzeaz gain, plaza beriak irabaziko dira Donsotia ibilbidean.

Aparkaleku plaza berriak egokituko ditu Astigarragako Udalak Pelotari kaleko obrak amaitzean. Bidegorria egiten ari dira Pelotarin, eta obrak amaitzen direnean lehen zeuden aparkalekuak berreskuratuko direla jakinarazi dute. Are gehiago, beste 30 plaza berri irabaziko dira Donostia ibilbideko bi eremuetan.

Aparkalekuen arazoa «arintzeko» neurria izan dela azaldu du Udalak, izan ere, Pelotari kaleko obrak herrian «ezinegona» sortu duela azaldu du, eta horregatik, argitu du orain erabili ezin diren aparkalekuak, obrak amaitzean erabilgarriak izango direla, eta beraz, lehenago zeuden 81 plazak berreskuratuko direla. Bidegorria amaitzean lehengo egoerara bueltatzea ez ezik, «herriko bidegorrien sarea zabalduko da eta Kale Nagusian egingo denarekin lotzen denean, DBHko ikasleei institutura modu seguruan iristeko aukera emango die etorkizunean», azaldu dute. 

Udalaren ustez, ez da erraza bi helburu hauek lortzea. Hau da, aparkalekuak galdu gabe oinezkoentzat eta txirrindularientzako espazio «seguruak eta atseginak irabaztea». Udalak Pelotari kalearekin hori lortuko duela dio, eta «pozik» agertu da hartutako erabakiarekin. Ez da Astigarragaren kasua soilik, Udalak zaldu du, beste herrietan ere badagoela aparkalekuekin arazoa. Horregatik, neurriak hartzeko konpromisoa adierazi du: «Gobernu honek urteak daramatza arazoa hobetzeko eta ordenatzeko, ahal den neurrian, jarduketak egiten. Horren adibide dira herriko hainbat guneetan egindako aparkalekuen berrantolaketa». Neurri horiek aipatzean, zehazki, Udalak aparkalekuak irabazteko egin  dituen noranzko aldaketa eta pintura-lanez ari da. 

 

30 plaza berri inguru

Udalak jakinarazi du 30 plaza berri inguru irabaziko direla. Zehazki, Donostia ibilbidean, Portutxotik gertu, 20 aparkaleku inguru egingo dira, bertako errepidea noranzko bakarrekoa bilakatuz. Eta bestetik, Bidebitarteko sarreran beste 10 aparkaleku irabaziko dira. Otsailean hasiko dira lehen pintaketa lanekin; Bidebitarteko espazioko lanak beranduago hasiko dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!