Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa arautzeko ordenantza onartu du Udalak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 8a

Urtarrileko Plenoan onartu zuten Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa Arautzeko Ordenantza, euskeraren normalizazioan eragiteko asmoz.

Joan den astean egin zuen urtarrileko Plenoa Astigarragako Udalak, eta bertan erabaki zuten, besteak beste, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa Arautzeko Ordenantza onartzea. Horren bitartez, arautuko dute hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa. «Ordenantza honen xedea da, alde batetik, euskeraren erabileraren normalizazioa eta hizkuntza-alderdiak areagotzea, Astigarragako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen planak eta proieltuak egiteko eta onartzeko prozeduretan, eta horiek baimentzeko prozeduretan. Eta bestetik, euskeraren erabilera normalizatzeko aukera onuragarrienak aztertzea eta kontuan hartzea, eta ondorioz, hizkuntza-inpaktuaren gaineko ondorio negatiboak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak diseinatzea», azaldu dute.

Ordenantza aplikatuko zaie honakoei: herriko udal administrazioari, Udalari lotutako edo bere mendeko erakunde autonomo eta publikoei, udalerriaren egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen Udalaz gaindiko proiektu eta planak onartzeko prozedurei, eta Udalarekin lankidetza-hitzarmena izan edo dirulaguntzaren bat jaso dutenei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!