Zaintzari buruzko bigarren topaketa egingo dute gaur Erriberan, beste herrietako esperientziak ezagutzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 5a

Zaintza Mahaiaren bileran egin zuten aurreneko lanketa, duela bi aste.

Kulturguneko erakusketa aretoan egingo dute saioa, arratsaldeko 17:30etan hasita; eta herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko gonbitea.

Gaur arratsaldean egingo dute zaintzari buruzko bigarren topaketa, Erribera kulturguneko erakusketa aretoan, 17:30etan hasita. 'A* elkar zainduz prozesuaren' baitan ari dira gaia lantzen, herrian zaintza sare bat osatu eta zaintzaren arloko ekimenak martxan jarri nahian.

Urtarrileko aurreneko topaketan, Astigarragako diagnostikoa aurkeztu eta bost erronka nagusi markatu zituzten; eta oraingoan, aurkeztuko dituzte beste herri batzuetan zaintzaren arloan izandako esperientziak. Asmoa da, horiek ezagutu eta inspirazio gisa balio dezatela, Astigarragarako eredu propioa sortu eta erronkei aurre egiteko.

Orain bi aste bildu zen Zaintza Mahaia, esperientzia horien inguruan aurreneko lanketa bat egiteko, eta baliogarriak izan daitezkeenak aukeratzeko, gaurkoan herritarrei aurkezteko. Gaurko saioak ematen duenarekin, asmoa da ekintza plan bat osatzea, eta plan hori martxoan aurkeztuko lukete, hirugarren eta azken topaketan.

Ordu eta erdiko iraupena izango du gaurko topaketak, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea, «esperientzia ezberdinak ezagutzeko, gure herrira egokitu ahal izateko». Saioaren bukaeran, mokadutxoa ere izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!