'Zirikatzaile' datoz aurtengo Inauteriak ere

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 31

Sekulako giroa piztu zuen herrian joan den urteko Zirikoketak, estreinako edizioan.

Otsailaren 15ean egingo dute Zirikoketa dibertimentua Astigarragan, bigarren urtez; eta etzi hasiko dira Inauteriak berotzen: argazki erakusketa bana jarriko dute Erribera kulturgunean eta Sagardoetxean.

 

Gainean dira Inauteriak, eta zenbait astez, kantuz, dantzaz eta kolorez jantziko dituzte Urumea bailarako txoko guztiak. Baina baita bromaz eta zirikaz ere. Iaz hasitako bide politari segida eman, eta Zirikoketa egingo baitute bigarrenez Astigarragan, Astigar elkarteak antolatuta. Otsailaren 15ean izango da hori, goizeko 11:00etan Ergobitik abiatuta. Hiru orduz, herriko kale eta plazetan barrena ibiliko dira, aldarte zirikatzailearekin kalejiran, dantzak, musika, bertsoak eta antzerki umoretsua eta satirikoak uztartuz.

 

Entsaio orokorra otsailaren 6an eta mozorro ereduak ostiralero

Herritarrek osatuko dute Zirikoketa dibertimentua, eta parte hartu nahi duten guztientzat, entsaio orokorra antolatu dute otsailaren 6rako. Herri Eskolako patioan izango da, iluntzeko 19:00etan hasita.

Edonork hartu dezake parte, baina mozorro tradizionalekin jantzi beharko dute. Hori errazteko, mozorro ereduak ikusgai jarriko dituzte ostiralero, Astigar elkartearen egoitzan, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.

Bestalde, egunean bertan bazkari herrikoia ere egingo dute, Zirikoketaren ondoren, Ipintza sagardotegian. Bertan bazkaldu nahi duenak, bizum bidez egin beharko du ordainketa, 650 947 704 telefonora: 32 euro dira helduen kasuan, eta 14 euro haurrenean. Otsailaren 6a izango da ordaintzeko azkeneko eguna.

 

Argazki erakusketak, Erriberan eta Sagardoetxean

Zirikoketaren bezperan hasiko dira Inauteriak Astigarragan, otsailaren 14an, egun osoko festarekin: bazkaria, photocalla, marko tailerra, karaokea, mozorroen desfilea Kita Del Pare txarangarekin, eta dantzaldia Gauargi bikotearekin.

Baina datorren astelehenean bertan hasiko dira motorrak berotzen. Izan ere, bi argazki erakusketa jarriko dituzte ikusgai herrian, Inauteriekin lotuta, otsailaren 2tik 13ra. Hain juxtu, iazkoa Zirikoketari buruzkoa izango da aurrenekoa. Sagardoetxean izango da joan den urteko dibertimentuaren argazkiak ikusteko aukera: asteartetik larunbatera, 11:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:30etara; eta igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 13:30etara.

Erribera kulturgunean jarriko dute bigarrena, Euskal Herriko Inauteriei buruzkoa, Iñaki Vergarak egindako argazkiekin. Astegunetan izango da ikusgai, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Inauterietako mozorro eta pertsonaien irudiekin. Oraingoan, Berriozarko Txolin eta frantsesak, eta Unanuko Mamoxorroak eta Muttuak ekarriko ditu Erriberara.

 

Kaldereroen konpartsa, otsailaren 21ean

Astigarragako ohitura bereziari jarraiki, Inauterien bukaera iragarriko dute Kaldereroek herrian, hasiera beharrean. Otsailaren 21ean aterako da Kaldereroen konpartsa kalera, larunbatez. Arratsaldeko 17:30etan jarri dute hitzordua Ergobiko plazan, eta herri osoa zeharkatu ondoren, Emakumeon plazan bukatuko dute kalejira.

Konpartsaren kale buelta bukatutakoan, ohi bezala, afaria ere egingo dute, eta txartelak otsailaren 5ean jarriko dituzte salgai, Zipotza elkartean.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!