Hilabeteak daramazki lanean Astigarragako Zaintza Mahaiak, arlo horretan dauden arazoei eta erronkei erantzuteko, ikuspegi komunitario batetik. Prozesuak aurrera egin du, eta gaur zortzi egingo dute zaintzaren inguruko bigarren topaketa: herritar guztiei irekia izango da, otsailaren 5ean, arratsaldeko 17:30etan Erriberako erakusketa aretoan.
Bertan aurkeztuko dituzte joan den astean Zaintza Mahaiaren bileran landutakoak: beste udalerri batzuetako esperientziak eta programak ezagutu, ideiak bildu, eta aztertu zerk funtzionatu dezakeen Astigarragan, herriak zaintzaren arloan dauzkan erronkei aurre egiteko.
Izan ere, aurreneko bilera eta topaketa haietan, bost erronka nagusi markatu zituzten:
-Bakardade egoeran daudenei laguntzea
-Zaintzen feminizazioa
-Zaintzaileak zaintzea
-Dauden zerbitzuak ezagutarazi eta erabiltzaileei hurbiltzea
-Haurren eta familien zaintza
Asmoa da, beste udalerri batzuetako esperientziak ezagututa, Astigarragarako eredu propioa sortzea, herri bakoitzak dauzkalako bere berezitasunak eta beharrak. Esaterako, bertako biztanleriaren ezaugarriak ikusita, beste herrietatik ezberdina izan da fokua: «Adineko pertsonen zaintzan ez ezik, adin txikikoenean ere jarri dugu fokua Astigarragan», azaldu dute.
Datorren osteguneko topaketatik aterako denarekin, ekintza plan bat landuko dute, zaintzaren erronkei heltzeko eta herrian sare bat osatzeko. Martxoan aurkeztuko lukete ekintza plana, azkeneko topaketan.
Udalarekin batera, makina bat eragile ari dira Zaintza Mahaian parte hartzen, Zabalduz kooperatibak gidatuta: herritarrak, My family & Co, zaintzaile profesionalak, eguneko zentrokoak, Guraso Elkartea, hezitzaileak, Gaztelekua, Galtzaur jubilatu elkartea, Emakumeon Etxea, Herri Eskolako zuzendaritza, eta osasun sistemako ordezkariak. Horietako zenbaiten ikuspegia jaso dugu, prozesuaren inguruan.
Celia Molina, zaintzailea:
«Aurreneko saioetan, garrantzitsua izan da zehaztea eta komunean jartzea zer den zaintza. Nik denetariko esperientziak bizi ditut zaintzaile lanetan, eta uste dut prozesu honek asko lagundu dezakeela denok kontzientzia hartzen, zer den zaintza, zeinek behar duen, eta zaintzailea ere zaindu behar dela. Gu ez gaitu inork zaintzen. Lanbide hau ez dago baloratuta, eta ezta ondo ordainduta ere. Kontzientziazio horretan lan haundia egin behar dugu, eta ez bakarrik adinekoen zaintzan, arlo guztietan baizik. Zaintza ez da bakarrik fisikoa, baita mentala ere; eta ez adinekoena soilik, haurrena, nerabeena eta helduena ere bada. Eta haurretatik hasita hartu behar dugu zaintzaren kontzientzia».
Idoia Sagarzazu, langilea etxebizitza tutelatuetan:
«Izan ditugu lorpenak gure lan baldintzetan, baina beti goaz atzeratuta. Zaintzak publifikatzea lortzeko egin behar dugu borroka. Zaintzaren inguruko kontzientzia hartzea beharrezkoa da, baina hasi beharko dugu goitik egin daitekeen horretatik, kontua da ez dagoela horretarako borondaterik. Feminizatuta dago zaintza, eta lanaldiak ikaragarriak dira. Lanaldi oso bat egitera iristeko, hasi beharko genuke goizean eta gauean bukatu, horrek dakarren estresarekin eta buru osasun arazoekin. Eta hala ere, ez gara iristen lanaldi oso batera. Lankide batzuk ari dira %17ko edo %20ko lanaldiarekin, eta horrekin ezin dugu bizi. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua prozesu hau».
Garazi Eizagirre, Herri Eskolako Guraso Elkarteko koordinatzaileetako bat:
«Prozesuaren aurreneko bileran, egin ziguten inkestan, mahai gaineratu genuen guretzat zein garrantzia daukan umeen ikuspegia ere kontuan izateak. Kudeatzen ditugu eguerdietan haurrek egiten dituzten ekintzak, eta familien kontziliaziorako bestelako ekintzak ere koordinatzen ditugu. Eta ikusi dugu haurren zaintzarekiko ikuspegia galtzen ari dela. Egia da gurasoek gero eta aukera gutxiago daukagula seme-alabekin egoteko, aurreko belaunaldietatik desberdina den egoera batean gaude, eta haurrek behar asko dauzkate ase gabe. Alde horretatik, haurrei eta familiei nola lagundu lantzea garrantzitsua da. Behar potolo bat dago, eta ea erronka polit bat sortzen dugun adin tarte horietarako eta familia horiei konponbide bat emateko».
Esti Beraza, Zabalduz kooperatibako kidea eta prozesuaren dinamizatzailea:
«Aurreko topaketan, herriari aurkeztu genion lehenengo diagnostiko hori, eta hortik landu genituen bost erronka nagusiak. Hurrengo pausoa da beste herrietako esperientziak ezagutzea, eta guretzako baliagarria zer izan daitekeen ikustea. Ez kopiatzeko asmoz, guretzako eredu propioa sortzeko baizik, zer egin nahi dugun gure errealitatean eta gure baliabideekin. Gainera, oso garrantzitsua da Zaintza Mahai hau osatu izana, ez bakarrik prozesu honetarako. Arlo publikoa, pribatua eta komunitarioa elkartu dira partehartze espazio berean. Hori aktibatzea eta herrian kontzientzia komun bat hartzea oso interesgarria da».
Esti Neira, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia:
«Ikuspegi komunitarioa ezinbestekoa iruditzen zaigu prozesu honetan. Udalak egin zezakeen plan bat, baina horrek ez zeukan zentzurik eragileen partehartzerik gabe. Horregatik sortu genuen prozesu hau. Ea zer ematen duten hurrengo topaketek, eta zein ekintza plan osatzen dugun martxoan. Hori aztertu eta osatu beharko dugu, eta udal aurrekontuetan bere islada izan behar luke. Azpiegiturak sortzeko aukerarik ez daukagu, lursailik ez dugulako; baina martxan jarri ditzakegu hainbat programa, eta espero dugu hala izatea».