Herritarrak auzokonpostan parte hartzera animatu ditu Astigarragako Udalak, martxan jarri duen kanpainaren bitartez. Horrekin, Udalak indartu nahi du «iraunkortasunarekin, hondakinen murrizketarekin eta ekonomia zirkularrarekin» daukan konpromisoa.
Helburu bikoitza dauka Udalaren kanpainak. Batetik, herritarrak erakarri nahi ditu beren auzoetan auzkonposta egitera, «etxeko hondakin organikoen kudeaketa arduratsuan aktiboki parte hartuz». Izan ere, gogorarazi dute sistema horren bitartez konpost bihurtzen direla janariaren eta materia organikoaren hondakinak, eta konpost hori erabili daitekeela «lorontzietan, berdeguneetan eta baratzetan».
Auzokonposta etxola berri bat jartzeko asmoa
Beste helburu bat ere badu Udalak, kanpaina honekin. Izan ere, auzokonposta etxola berri bat jarri nahi du, udalerriko eremu berri batean: «Kokapen zehatza herritarren interesaren eta partehartzearen arabera zehaztuko da, jasotako eskaerak eta iritziak baloratuz».
Auzokonpostan parte hartu nahi duten herritarrek, «oinarrizko prestakuntza eta laguntza teknikoa» jasoko dute, eta lagundu ahal izango dute «beren ingurune hurbilean ingurumena hobetzen». Horretara animatu ditu, parte hartu dezaten «ohitura jasangarriak sustatu, tratamendu plantara eramandako hondakin kopurua murriztu eta auzoetako ingurumen kontzientzia indartzen duen proiektuan».
Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, 900 10 28 38 telefonora deitu daiteke, hondakinak@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzi, edo astigarraga.eus/hondakinak-egin-konposta webgunea bisitatu.