Martxan dira Pelotari kalean bidegorria egiteko obrak. Prestaketa lanei ekin diete, eta laster hasiko dira eraikitze lanak ere, garrantzia berezia izango duen bidegorrirako: Donostia ibilbideko bidegorriarekin lotuta egongo da, eta DBH ikastetxera iritsiko den bidegorriaren aurreneko zatia izango da. Aurrerago egingo dituzte Kale Nagusiko bi zatiak: Pelotari-Galtzaur eta Galtzaur-DBH.
Bi hilabete eta erdiko iraupena izango dute Pelotari kaleko bidegorriaren obrek, eta aldaketak eragingo dituzte trafikoan. Besteak beste, aurreneko fasean itxita egongo da Txokotxo kalea, eta bigarrenean Lanberri kalea.
Dagoeneko itxi dute Txokotxo kalea Pelotaritik, eta aurreneko faseak iraun bitartean, Donostia ibilbidetik izango du sarbidea, eta Lanberri kaletik irteera.
Bigarren fasean, berriz, Pelotari kalea noranzko bakarrekoa izatera pasako da, Donostia ibilbidetik Kale Nagusirantz; eta itxi egingo dute Lanberri kalea, Pelotaritik sartuta. Horrekin, Lanberri kalearen noranzkoa ere aldatuko dute, eta gorantzakoa izango da, Galtzaur aldera. Aldi berean, Donostia ibilbidetik sartu eta Txokotxo kaletik ere atera ahal izango da.
Aurrerago, trafikoan beste aldaketa puntual batzuk ere izango direla iragarri du Udalak, besteak beste, zebrabideak egiteko. Kasu guztietan, seinaleetako jarraibideak betetzeko eskatu die herritarrei.
Aparkalekuak kenduko dituzte obrek aurrera egin ahala
Trafikoan bakarrik ez, aparkalekuetan ere izango dute eragina bidegorriaren obrek. Izan ere, Pelotari kaleko aparkaleku batzuk okupatzen joango dira, obrek aurrera egin ahala; eta horietan ezingo da aparkatu lanak bukatu arte. Eragina gutxitzeko eta aparkaleku gehiago izateko, hainbat pintaketa lan egingo ditu Udalak inguruan; besteak beste, Donostia ibilbidean eta Bidebitarte poligonoko sarreran.