Gaur irekiko dute urteko aurreneko kupela Petritegi sagardotegian, 'gure sagardo berria' oihupean

Olatz Egaña Otegi 2026ko urtarrilaren 14a

Aurten Alorreneatik Petritegi sagardotegira mugituko dute txotx irekiera ekitaldiaren une bereziena.

Erribera Kulturgunean hasiko da XXXIII. Sagardo Berriaren Eguna, pentsaurrekoarekin. Segidan sagarrondoa landatuko dute Euskal Pilota Selekzioko kideek, eta Petritegin izango da aurtengo txotx denboraldiko irekiera ofiziala, 13:45ak aldera.

Gaur ospatuko dute  XXXIII. Sagardo Berriaren Eguna Astigarragan, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta. Aurtengo gonbidatua Euskal Pilota Selekzioa izango da, eta horrenbestez, selekzioko kideak izango dira iazko uztarekin egindako sagardoa dastatzen aurrenak, «gure sagardo berria!» oihukatuz.

Ohi moduan, Erriberan izango da prentsari zuzendutako ekitaldia, eguerdiko 12:00etan. Hau amaituta, Euskal Pilota Selekzioko kideek sagarrondo bat landatuko dute Erribera Kulturguneko plazako belazean.  

Zuhaitza landatu ostean, Petritegin elkartuko dira berriro, 13:00ak aldera. Txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko dute sagardotegiaren sarreran, eta urtero moduan, Astigarragako udal ordezkariek, kultur taldeek zein sagardogileek, aurtengo gonbidatu bereziak soka dantzan parte hartzera gonbidatuko dituzte, sagardotegi barrura sartzeko. Eguerdiko 13:45ak aldera, Euskal Pilota Selekzioko kideek, 'Gure Sagardo Berria' ohiu eginda, txotx denboraldiari hasiera emango diote. 

Ekitaldian zehar ez da musikarik faltako, eta bertsolariek ere erritmoa jarriko diote irekierari; Joanes Illarregik eta Agin Laburu astigartarrak, zehazki. 

Euskal pilota eta sagardoa

Sagardoaren Lurraldeak argi du, historian zehar estu lotuta egon direla euskal pilota eta sagardoa: «Euskal Herriko gizarte-bizitzan eta kultura-bizitzan sagardotegiak ez dira izan soilik sagardoa dastatzeko lekuak; askotan, pilotaz berriketan aritzeko, jokatzeko eta baita apustuak egiteko gune nagusiak ere izan dira. Bertan elkartzen baitziren pilotariak, zaleak eta herritarrak, giro herrikoian». Horrenbestez, Sagardoaren Lurraldeak lotura horri eman nahi izan dio oihartzuna: «Euskal pilotak eta sagardoak elkarrekin osatu dute urte luzez euskal nortasunaren eta  tradizioaren parte ga­rrantzitsua».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!