Astigarragako Emakumeon Etxeak gaur irekiko du Astigarragako Emakumeontzako Udaberriko Jabetze Eskolan izena emateko epea. Urtarrilaren 27an itxiko dute ikastaro eta tailerretarako izena emateko aukera. Antolatzaileek azaldu dute; batetik, taldeetan izena emateko aukera urtean zehar egongo dela zabalik, Emakumeon Etxearekin harremanetan jarriz. Bestetik, jardueretan parte hartzeko haur zaintza zerbitzu doakoa eskatzeko aukera ere egongo dela gogorarazi dute, «aurrez abitatuta».
Gaur bertan jasoko dute programa herritarrek etxean, baina informazioa pantailan irakurri nahi duenak irakurgai izango ditu xehetasun guztiak astigarragakoemakumeonetxea.eus atarian.
Guztira 14 izango dira Jabetze Eskolan eskainiko diren ikastaroak, eta ondorengoak dira batzuk: Aurrenekoa izango da autozaintza taktuaren bidez izeneko ikastaroa. Amaia Canok dinamizatuko du eta ikastaro honetan, teoria eta praktika uztartuko dituzte osasunarekin lotutako gaiak sakon aztertzeko; «hala nola, nerbio-sistema, elikadura eta ariketa fisikoa». Otsailaren 6an izango da aurreneko saioa, goizeko 09:15etan.
'Sendabelarrak ezagutzen' ikastaroa izango da Emakumeon Etxean eskainiko den beste ikastaro bat, eta honen helburua ondorengoa da «gure arbasoek erabilitako eta horrenbeste onura ekarritako sendabelarrak ezagutzea». Otsailaren 19an hasiko da ikastaroa, goizeko 09:30etan.
Otsailaren 17an emango zaio hasiera, berriz, 'Gorputza indartu, burua askatu' izeneko tailerrari. Rakel Otañok eskainiko du ikastaroa eta jarduera fisikoa eta entrenamendu funtzionala uztartuko ditu bertan. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da tailerra, Astigarragako Emakumeon Etxean. Bere aldetik, emakumeei buruzko mitologia klasikoa landuko den ikastaroa apirilean hasiko da, eta maiatzean emango zaio amaiera. Maria Jose Noainek gidatuko ditu saioak, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara.
Ikastaroez gain, zenbait talde eta tailer sortu dituzte udaberrirako, besteak beste, tuneatzeko tailerra, baratza feminista, amatasunen topalekua, eta elkarrekin bidea eginez tailerra.
Kafe tertulia, zineforuma eta antzerkia
Emakumeon etxeak berriro sartu ditu kafe tertulia, zineforuma eta antzerkia jabetze eskolako programazioan, izan ere, aitortu dute arrakastatsuak izaten direla horrelako topaketak. Aurreneko kafe tertulia otsailaren 27an izango da, arratsaldeko 15:00etatik 16:30etara. Emakumeon Etxeko lantaldeak gidatuko du saioa eta harreman sareei buruz jardungo dute, besteak beste. Zineforuma, berriz, martxoaren 25ean, izango da, eta 'Promesa berdina egin diegu lagun guztiei' antzezlanari dagokionez, oraindik ez dute data zehaztu.