'Izeba Txirrita' antzezlana estreinatuko dute larunbatean Erriberan, altxamendu frankistan oinarritutako obra

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 13a

Miren Gojenola izango da aktoreetako bat, izebaren azalean.

Astigarragan bertan sortu du obra Zelako Kultur Ideiak taldeak, Geuretik Sortuak ekimenaren baitan; eta herrian eskainiko du aurrenekoz.

Ez da nolanahiko antzezlana izango, larunbatean Erribera kulturgunean eskainiko dutena. 'Izeba Txirrita' obra eskainiko du Zelako Kultur Ideiak taldeak, iluntzeko 19:00etan hasita; eta antzezlanaren estreinaldia izango da. Ez kasualitatez. Izan ere, Erriberan bertan sortu dute obra, 2025ean zehar, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenaren baitan.

1936ko altxamendu frankistan abiatutako bidaia da antzezlanak proposatzen duena, «memoria kolektiborako ariketa bat». Mudantza baten erdian, zoriaren ondorioz elkartuko dira bi nerabe eta beraien izeba, familiaren etxe zaharrean. Horrela, izebaren bizitzarekin lotutako pasadizoak ezagutuko dituzte bi nerabeek. Hasieran ez diote kasu haundirik egingo, baina pixkanaka konturatuko dira iraganeko istorio horiek bizi-bizirik daudela oraindik.

Olatz Gorrotxategik zuzendu du antzezlana, eta Xabi Payak egin du gidoia. Oholtzan, berriz, hiru aktore izango dira protagonista: Miren Gojenola, Irene Hernando eta Gontzal Royuel.

 

Sarrerak, dagoeneko salgai

Emanaldirako sarrerak eskuragarri daude Erriberan eta astigarraga.eus webgunean ('Sarrerak erosi'): helduenak 8 euroan, eta adin txikikoenak 4 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!