Oiarbide bidea berriro itxiko dute astelehenean

Andoni Rekondo Izagirre 2026ko urtarrilaren 10a

Gurutzetatik Oiarbidera doan bidean asfaltatze eta txukuntze lanak egiten ari da Astigarragako Udala.

Asteazkenean eta ostegunean egin bezala, datorren astelehenean, urtarrilaren 12an, berriro itxiko dute Oiarbide bidea. Astigarragako Udalak asfaltatze lanak hasi ditu, eta astelehenean osatuko ditu aurrez hasitako lanak.

Duela urte eta erdi hobekuntza batzuk egin zituen Udalak bide horretan bertan: «Hala ere, Añarbeko bigarren kanaleko obrak bertan egin behar zituztenez, bide horretako asfaltatzea ezin izan zen gauzatu eta egiteke geratu zen».

Udalak jarritako aurreikuspenen arabera, astearterako amaituta egongo dira lan guztiak: «Bide itxita dagoen une oro, etxebizitzak bertan dituzten bizilagunak bakarrik igaro ahal izango dira».

 

Asfaltatze lan gehiago egingo ditu Udalak datozen hilabeteetan

Astigarragako Udaletik jakinarazi dutenez, datozen aste eta hilabeteetan gisa honetako beste zenbait lan egingo dituzte herrian: «Baldintza meteorologikoek laguntzen badute, Udalak beste asfaltatze lan batzuk bideratuko ditu herriko hainbat eremutan, Santio Zeharra eta Kale Nagusian, besteak beste».

Lan horien eraginak aurrerago jakinaraziko ditu Astigarragako Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!